Etxean gutxienez apirilaren 26a arte
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak alarma egoerak luze joko duela esan du gaur, baina hilaren 26tik aurrera baldintzak aldatu daitezkeela
Hego Euskal Herriko herritarrek etxean egon beharko dute apirilaren 26a arte, gutxienez. Hala adierazi du gaur Espainiako presidente Pedro Sanchezek. Alarma egoerak espero baino luzeago joko duela esan du. Alarma egoera luzatzea gizarteak «birusari aurre egiteko behar duen denbora» dela adierazi du. Hala ere, aurreratu du, emaitzen arabera, hilaren 26tik aurrera alarma egoeraren baldintzak aldatu daitezkeela.
Hain zuzen, Sanchezek esan du posible dela apirilaren 27an herritarren bizimodua aldatzeko baldintzak ematea, eta, egoera ona bada, konfinamenduaren baldintzak leuntzen joatea.
Konfinamendu agindua luzatu arren, Espainiako agintariak esan du ez dutela industriaren geldialdia luzatuko eta, beraz, aste santuaren ostean industria berriz ere bere ohiko jarduerara bueltatuko dela.
Etorkizunari begira esan du gizartea egunerokora «pixkanaka» itzuliko dela. Egoera hori prestatzeko aditu talde bat lanean ari dela nabarmendu du eta plan bat idazten ari direla.