Mundakako Biotz Sakratu zentrora lekualdatu dituzte Bilboko Birjinetxe zentroko 33 erabiltzaile
Aldundiak egoitza zentroen sareko Covid-19 positiboa duten adinekoentzako kontingentzia-plana aktibatu duelako lekualdatu dituzte Bilbotik Mundakara.
Bizkaiko egoitza zentroetan dauden adinekoen bizitza ahalik eta ondoen zaintzeko eta osasun sistema ez kaltetzeko asmoz, neurriak hartu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Hori horrela, Covid-19 positiboa duten adinekoentzako kontingentzia plana aktibatu du.
Hala, bi unitate espezializatu aktibatuko ditu Birjinetxen (Bilbo) eta IMQ Igurco Unben (Erandio) isolatutako unitate handi batean. Horietan, lurraldeko egoitzetatik doazen eta COVID-19 positiboa duten pertsonak zein ospitaleratu ondoren doazenak artatuko dituzte. Unitate bien artean guztira 184 plaza egongo dira.
Plana aktibatuta dago dagoenerako, lurraldeko egoitza zentroen saretik eratorritako Covid-19 positibo eman duten pertsonen lehen kasuak artatzen dituztelako gaur gaurkoz Birjinetxe zentro soziosanitarian.
Ostiralean amaitu zen azpiegitura hori aurretik okupatzen zuten egoiliar guztien lekualdatzea. Guztira, Mendekotasun Egoerako Heldu Desgaituen Unitateko 40 erabiltzaile lekualdatu zituzten. Horietatik 33 egoiliar eta arreta ematen dieten langileak Mundakako Biotz Sakratu zentrora eraman zituzten, eta gainerako zazpiak Gallartara.
Bestalde, Birjinetxeko plaza soziosanitarioaren 7 erabiltzaileri alta eman zitzaien, eta etxera itzuli ziren,” beren susperraldia amaitu izanagatik teknikoki horrela agindutako kasuetan”. Gainerako 52 erabiltzaileak beste bi egoitza zentrotako antzeko ezaugarriak dituzten unitateetan birkokatu direla diote, oraindik susperraldia amaitu ez dutelako.
Lekualdatzea bertako langileen eta Bizkaiko DYAko dozena bat ibilgailuren laguntzarekin egin zen. DYAko langileek operazioan modu altruistan parte hartu zutela jakinarazi dute. “Modu ordenatuan burutu zen lekualdaketa. Izan ere, bi egun lehenago erabiltzaileei eta erabiltzaileen familiei, langileei eta ordezkariei jakinarazi zitzaien asmoa”, azaldu dute arduradunek.