Koronabirusaren jarraipena egiteko aplikazioa martxan dago
'Covid-19.eus' du izena Eusko Jaurlaritzak abian jarritako aplikazioak, eta herritarren sare bat sortu gura du.
Eusko Jaurlaritzak Covid-19.eus izeneko aplikazioa garatu du, koronabirusa geldiarazten laguntzeko herritarren sarea sortu asmoz. EricTel enpresagaz batera sortu du, eta koronabirusaren prebentzioan, detekzioan eta jarraipenean lagundu gura du. Dagoenerako eskuragarri dago Androiden eta IOSen.
Tresnak OMEren eta Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroaren eredu bera erabiltzen du. Osasuneko sailburu Nekane Murgak zapatuan aurkeztu zuen aplikazioa. Beragaz batera egon ziren BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioko zuzendari Iñaki Gutierrez eta ERICTEL ingeniaritzako euskal enpresako presidente Mikel Carcedo.
Osasun Sailak azaldu du “ebidentzia zientifikoan” oinarrituta dagoela aplikazioa, eta “berme guztiak” betetzen dituela. Gainera, azpimarratu dute datuak modu “anonimoan” partekatuko direla. Alta emateko, bi gauza soilik beharko dira: posta edo telefono mugikor bat (kontu faltsua ez dela egiaztatzeko) eta posta kodea, erabiltzailea non bizi den jakiteko. Hori guztia anonimotasuna zaintzeko eta datuen babesa betetzeko helburuarekin abitatu dute aplikazioa.
Jakinarazi duenez, “sare sozial bihurtzeko bokazioagaz” sortu dute aplikazioa, eta hiru helburu nagusi ditu: prebentzioa bultzatzea, etxeetan egon daitezkeen kasuen jarraipen handiagoa egitea, eta kasu kontzentrazioaren jarraipen handiagoa egitea.
Aplikazioaren bitartez, edonork deskargatu ahalko du aplikazioa, eta autodiagnostiko baten bidez bere osasun egoera gehitu ahalko du. Gainera hurbileko zirkuluaren egoera eransteko aukera ere izango dute: familiakoena, lagunartekoa, lanekoa edota hezkuntzakoa. “Horrela, pertsona guztiak elkarregaz konektatuta egongo dira, ohiko gomendioak jasoko dituzte, beren osasuna kontrolatuko dute egunez egun, eta besteen egoera ikusiko dute”, adierazi dute arduradunek. Eta guzti horrek, prebentzioa oraindik ere gehiago areagotzen lagunduko duela diote.
Osasun Sailari eta Osakidetzari, gainera, etxean sintomekin dauden pertsonak gehiago ezagutzeko eta haien berri zuzenean izateko aukera emango die aplikazioak, “betiere modu anonimoan”. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, aukera horrek “aurrerapen garrantzitsua” dakar, gaixoak hobeto eta hurbiltasun handiagoagaz artatzeko eta ahaleginak gehien behar dutenengan zentratzeko. “Laguntzako osasun profesionalek egunero emango diete estaldura berrogeialdian dauden eta birusaren eragin arina edo moderatua duten pertsonei, larriagotze posible bat aurreikusten saiatzeko”. Profesionalek egunero ebatziko dituzte beren zalantzak eta, horrela, herritarren antsietatea murrizten lagunduko dutela uste dute arduradunek.
Horrez gain, epidemiologia taldeen lanerako errefortzu gisa ere balioko du. Izan ere, kasuak non dauden kokatu ahal izango dute, eta, behar izanez gero, transmisio handiko eremuetan esku hartze indibidualizatuagoak egin ahal izango dituzte, “diagnostikorako eta kontrolerako”.