Komunitatea saretzen
Kohesio soziala bultzatzen duen proiektua bultzatu du Maierrek herriko eragileekin elkarlanean. Lehenengoz egin dute aurten, eta erantzun "oso positiboak" jaso ditu.
Ingurumena, gizarte kohesioa, hezkuntza eta kultura. Helburu horiek aintzat hartuta, gizarte kohesioa eta komunitatearen saretxea bilatu ditu Maierrek. Eragile desberdinak batzen dituen ekimena jarri du martxan aurten lehenengoz, eta eraldaketa soziala bilatzen zuen proba pilotuak ondorio “pozagarriak” izan ditu.
Gizarte Eraldaketa izeneko proiektu orokorra garatzen dabiltza Maierren, eta natura, gizarte kohesioa, hezkuntza eta kultura sustatu gura dituzte. “Helburu horiek betetzen dituzten zenbait proiektu garatu eta sustatu gura ditugu. Baita horietan parte hartu eta kolaboratu ere”, azaldu du Kemen Goitiandia Maierreko proiektu arduradunak.
Komunitatearen dinamizazioa eta hartu-emana sustatzeko ahaleginak ere egin dituzte, eta kooperatibako bazkide eta langileen parte hartze zuzena sustatu gura izan dute. Horrela, urtero egiten duten Zuhaitz Eguna ardatz hartuta, beste pauso bat eman dute: “Maierrek azken bi urteetan Zuhaitz Egunean parte hartu du Lurgaia Fundazioaren eskutik. Maierreko langileok Undabaso baso bihurtzeko landaketetan parte hartu dugu, eta aurten ere gauza bera egitekoak ginen”. Beste ikuspegi berri bat eman gura izan diote, baina, proiektuari, “bestelako sakontasun eta dimentsio bat emateko”.
Egun bakarra izatetik harago joan gura zuten. Eta proiektuari zabalkundea eman asmoz, ingurune hurbileko eragileengana gerturatu ziren: «Proiektua zabaltzeko planteamendua egin genien Lurgaiakoei, beste dimentsio bat emateko». Hala, Gorabide eta Gufe-Ifas Lurgorriko Eguneko zentrokoekin harremanetan jarri ziren. “Elkarlana bultzatu gura genuen, eta horretarako euren beharrizanak aztertu genituen. Izan ere, argi geneukan gure proiektua eragile desberdinetara egokitu behar zela. Guretzako interesgarria da elkarte guztiek lan egiteko eta proposamenak egiteko aukera izatea”.
Saretzeak eragileen arteko proiektu gehiago bultzatuko dituela uste dute
Baina ibibidean aurrera egiten jarraitu zuten: “Kultura eta hezkuntza gehitu gura genion proiektuari”. Eta erakusketa bat egitea pentsatu zuten. Hala, San Fidel ikastolagaz, Allende Salazar herri ikastetxeagaz eta Astragaz elkarlanean hasi ziren, eta erakusketa bat egitea pentsatu zuten: “Erakusketagaz, ingurumenarekiko kontzientziazioa bultzatu gura genien ikasleei, informazioa gizartera zabatzeaz gain. Eskolekin proiektuaren alderdi didaktikoa landu gura genuen, eta eragile guztiekin, berriz, kohesio soziala bultzatu”.
Gorabide eta Gufe-Ifas zentroetara joan, eta euren abileziak kontuan hartuta erabaki zuten erakusketa zelan antolatu: “Eskulanak egiten onak zirela ikusi genuen. Eta hori aztertuta, ikastetxeetako ikasleekin tailerrak egitea pentsatu genuen. Halaber, Lurgaiakoek tailer horiek euren erakusketa didaktikoagaz osatu zitzaketela ikusi zuten”. Hala, beharrezko muntaia egin, eta Astrako bigarren solairuak hartu zituen ingurumenaren aldeko eskulanen erakusketa didaktikoa eta tailerrak.
Elkarlanean, ekintzak
Halaber, Gorabide eta Gufe-Ifasek eurek eurentzako egiten dituzten aktibitateak gizartean txertatzea bultzatzeko eta aurretiaz egindako eskulanak ere ikusgai jarri zituzten inguru kultural horretan. Izan ere, Astra inguruko eragile sozial garrantzitsutzat dute: “Ulertzen genuen eurek zirela markorik aproposena horrelako ekimen bat hartzeko. Eta erraztasun guztiak jarri zizkiguten”.
Erakusketa eta tailerrak astebetez egon ziren Astran, eta komunitatearen saretzea bilatu zuten. “Eragile ezberdinen arteko saretzea bilatu dugu, izan ere, saretzearen garrantzia ezinbestekoa da. Hau da, eragile desberdinak kontaktuan jartzea”, dio Goitiandiak. Eta saretze horrek etorkizuneko ekimen desberdinen garatzea bideratzeko aukera berriak sortzen dituela dio: “Saretze horrek komunitateari indarra ematen diola uste dut”.
Proiektu pilotua hasi zutenean, bazekiten saretze prozesu horretan ezin zituztela inguruko eragile guztiak inplikatu: “Proiektuak hartzen zuen dimentsioagatik ezin genituen eragile guztiak batu. Ezin genuen ikastetxe guztiekin egin. Eta horregatik, ikastetxe bitara hurbildu ginen, eurekin lehenagotik kontaktua geneukalako”.
Erantzun “pozgarria”
Hala, baina, proiektuarekiko erantzun positiboak jasoz gero, proiektua berriz antolatzea eta beste eragileengana hurbiltzea dute helburu. “Eragileen feedback positiboa jasoz gero, hurrengo urteetan gugaz parte hartu gura dutenei atea zabaldu gura diegu. Gorabide eta Gufe-Ifas zentroak dauden moduan, beste elkarteentzako ateak zabalik ditugu, baita beste ikastetxeentzat ere”.
Koronabirusak larrialdi egoera ezarri baino lehen, proiektuari buruzko ondorioak eztabaidatzeko batu ziren parte hartzaileak. “Inkestak egin ditugu, eta aurrez aurreko elkarrizketak ere bai. Prozesua, baina, bertan behera utzi behar izan dugu koronabirusagatik”, adierazi du Goitiandiak, baina jasotako erantzunak positiboak direla nabarmendu du.
Erantzun positiboak jasotzen jarraituz gero, hurrengo urtean egitea aztertuko dute
Gorabide eta Gufe-Ifasekoek horrelako aktibitateak egitea “positibotzat” jo dute, eguneroko lanetik aparte, helburu bat ematen dietelako zentroko kideen sorkuntzari: “Herriari zabalik dagoen erakusketa bat egin dute, eta gazteekin hartu-emana jorratu dute”, azaldu dute arduradunek, ikastetxe eta zentroen arteko elkarlana asko gustatu zaiela nabarmenduz.
Ikastetxeetan ere proiektuak harrera oso ona izan duela dio Goitiandiak. “Alde batetik, ingurumena eta biologia lantzen dutelako, eta, bestetik, kohesio soziala eta baloreak jorratzen dituztelako”.
Orain, koronabirusak uzten duenean, berriro elkartuko dira, eta zehaztu beharrekoak zehaztuko dituzte. Izan ere, proiektuak beste formatu bat behar duela ikusi dute: “Alternatibak bilatu beharko dira. Baina oinarriak funtzionatuz gero, jarrai dezakegu, eta beste eragile batzuekin probatu”.
Erantzun positiboak jasotzen jarraituz gero, datorren urtean esperientzia berriro errepikatzea aztertuko dute: “Aurrerantzean erabaki behar dena da zelan egingo dugun. Proiektua zabalduz gero, urtean bi ekimen egin, edota urtez urte ikastetxe eta eragile desberdinekin egitea posiblea den aztertu beharko dugu. Gu prest gaude ekimena zabaltzeko. Eta zenbat eta gehiagok parte hartuz gero, hobeto”.