Eszenatokietako fokuetatik kanpo
Sortzaileen eszenatokiak diren aretoak itxi dituzte, eta euren jarduna gelditu behar izan dute artistek. Etorkizunak dakarrenari ezjakintasunez begiratzen diote.
Kaleak hustu dira. Areto, antzoki, plaza, kultur etxe eta elkarteak itxi dituzte, eta horiekin batera itzali dira musikari, antzerkilari, bertsolari eta sortzaileak argiztatzen zituzten fokuak. Sortzaileen plazak hustuta, eta euren jarduna gelditu dute artistek.
Sortzaile askok hilabete bukaera honetarako eta hurrengo hilabeteetarako hitzartuta zeuzkaten saioak bertan behera utzi behar izan dituzte. Obrak edota kontzertuak atzeratu dituzte batzuk, eta euren proiektu berriekin zer gertatuko den ez dakite beste askok. Gizarteko beste sektore batzuetan legez, ziurgabetasuna da nagusi sortzaileen artean. Alarma egoera bukatzean ez baitakite zer nolakoa izango den geroko errealitatea.
Artedrama eta Iparragirre Rock Elkartea dira koronabirusak sortutako krisiak eragindako kultur taldeetako bi. Eskualdeotako beste bertsolari, musikari zein sortzaileei ere zuzen-zuzenean eragin die.
Ander Lipus antzezlearentzat kolpe “gogorra” izan da COVID-19 birusak eragindakoa. Aktore lanetan eragin dio alde batetik, eta, Artedrama arte eszenikoen plataforman lan egiten duelako, beste alde batetik. Hainbat proiektu zituzten martxan, eta bertan behera geratu dira: “Artedrama moduan, fronte ezberdin asko ditugu. Ez gara bakarrik antzezlanak egitera mugatzen”.
“Jendeak gozatuko du berriz elkartzen eta leku publikoetan egoten. Saiatuko gara ahal dugun heinean indartsu bueltatzen”
Batetik, bertan behera utzi behar izan dute Axut! eta Dejabu Panpin konpainiekin batera sortutako Zaldi urdina antzezlanaren bira. “Bira erdian geunden, eta maiatzera arte aurrez programatuta geneuzkan saioak bukatu dira. Zazpi aktore gara, eta dena joan da pikutara”. Aulestin egitekoa zen Artedrama Euskal Laborategia ere bertan behera utzi behar izan dute. Jaialdi itxura duen antzerki formakuntzak ematen dituzte urtero. “Ia lan guztia geneukan antolatuta: hamalau ikasle zeuden, programazioa sortuta geneukan, irakasleak erabakita eta antzerki piezak zehaztuta”. Gernikak izeneko proiektua ere atzeratu dute. Apirilean ziren egitekoak, bonbardaketaren urteurrenaren, bi urteko lanaren ostean: “Bi urteko ilusio eta gogo horiek bat-batean bertan behera geratu dira”.
Iparragirre Rock Elkarteari ere gogor eragin dio koronabirusak: “Sortu den egoera kaotikoak kultura gogor jo du. Gu ere kaltetuak izaten ari gara egunotan ematen ari den guztiagatik”. Hala, “zoritxarrez”, apirilean rock elkartean egitekoak ziren kontzertuak bertan behera uztera behartuak izan dira. Ondorioz, Sextysexers eta The Riff Truckers taldeeketa Liher Band eta Etxekaltek eman behar zituzten kontzertuak ez dira data horietan egingo.
“Honek gero eta prekarioago ibiltzea badakar, egoera latza izango da”
Programatuta zituzten kontzertuez gain, elkartea osatzen duten eskualdeko musika taldeei ere zuzenean eragin die. Izan ere, horietako askok aurretik aurreikusita zituzten hainbat kontzertu bertan behera utzi behar izan dituzte. Hurrengo hilabeteetan, ahal izanez gero, data berriak zehaztu beharko dituzte.
Zehaztuta zituzten saioak berreskuratzea da sortzaileen helburu nagusia. Artedramako proiektuak beste data batzuetan egiten ahaleginduko dira: “Aulestiko topaketak udan egitea aztertuko dugu. Herriak zutik jarraituko du, eta aurten ez bada, hurrengoan itzuliko gara”. Gernikak obra ere, udalagaz eta Gernika Garretan elkarteagaz hitz egin eta zein une den aproposena pentsatuko dute. “Egin egingo dugula argi dago, eta horrek kontsolatzen gaitu. Ea zein egoeratan uzten gaituen koronabirusaren tsunami honek”.
Iparragirrekoak ere kontzertuak berriz antolatzeko aternatiba bila dabiltza, baina momentuz ez dute egunik: “Ezin izan dugu talde kaltetuekin beste data bat zehaztu”. Sarreren dirua bueltatzeko erabakia hartu dute. Internetez erosi dutenei automatikoki itzuliko zaie zenbatekoa, eta sarrera fisikoa dutenek berrogeialdia bukatu arte itxaron beharko dute.
“Umezurtz”
Etorkizunak ez daukala kolore «oso polit eta alaia» dio antzezleak: “Kultura umezurtz geratzen da beti, politikarien eta administrazioaren aurrean”. Dena dago hustuta, eta diru sarrerarik ez daukatela dio Lipusek. Hala ere, “momentuz” egoerari eutsiko diotela uste du, baina etorkizunari zelan heldu ez daki.
Sortzaileei laguntzeko neurriak ere hartu beharko dituzte agintariek. “Sentsibilitate bat egon beharko zela uste dut. Egia da, orain, interes guztia osasungintzan dagoela. Eta osasun barik ez goaz inora. Geldialdi honek ekarri dezakeen krisiak ematen dit beldurra”. Beldurra dionean, murrizketei egiten die erreferentzia: “Kulturan ari garenok nahikoa prekario ibiltzen ginen lehen, eta honek gero eta prekarioago ibiltzea badakar, egoera latza izango da”.
“Kultura umezurtz geratzen da beti, politikarien eta administrazioaren aurrean”
Momentu gogorren aurrean, alternatibak sortu dituzte. Musika taldeek, esaterako, sare sozialetan presentzia handia dute. Gatibu talde gernikarra 20. urteurrena ospatzen dabil. Bixotzetik aurkeztu zuten otsailean. Bihar kontzertu berezia ematekoak ziren Miribillan, eta urriaren 31ra atzeratu dute. Dena bertan behera utzi behar izan dute. Baina proposamenekin jarraituta, gitarra jotzaileei Salto abestiaren coverra bideoan bidaltzeko gonbita egin diete. iker@pandaartistmanagement.net helbide elektronikoz jasotakoekin bideo bat osatuko dute.
Dientes de Luna edota Josu Bergara bezalako Busturialdeko musikariek, bestalde, egunotan sare sozialetan kontzertuak ematearen alde egin dute. “Helburua elkarregaz denbora tarte bat egotea eta musikagaz etxetik etxera indarra eta ilusioa zabaltzea da”, dio Bergarak. Dientes de Luna taldekoek ere Instagrametik zuzenekoak eskaini dituzte, “birusak ez duelako musika isilduko”.
Aurrera egin
Denon artean herria altxatzea eta elkarregaz gauzak egitea posiblea izango dela diote Artedremakoek: “Itxaropena daukagu jendea sensibleago egotea, baita politikariak eta administrazioa ere”. Orain, etxean geratzea tokatzen zaie, etxeko lanak egiten: “Proiektuak bideratzen gabiltza, eta gero ikusiko dugu bufoiok noiz igotzen garen berriz ere taula gainera”.
Esperantza dute. Egoera hobetzen denean jendea antzoki, antzerki eta musika kontzertuetara joatea espero dute: “Jendeak gozatuko du berriz elkartzen eta leku publikoetan egoten. Saiatuko gara ahal dugun heinean indartsu bueltatzen“.
Sortzen jarraitzeko gogoa eta kemena ez zaie falta. “Konfinamendu egoera bukatzen denean, Euskal Herriko plazetara joateko gogoz eta ilusioz gaude”.
***Bertso saioak online, bariku arratsaldeetan.
Bertsozale Elkarteak Etxetik Etxera bertso saioak eskainiko ditu online, barikuro, 18:30ean hasita. Sei bertsolari ariko dira gai jartzailearen esanetara. Bertsoa etxean ere bidaide aparta dela-eta, hainbat baliabide eta tresna jarri dituzte.
Bertsoikasgela.eus elkarteko irakasleek bertsolaritza lantzeko ikasgelan baliatzen duten ataria da eta zenbait eduki irekian ipini dituzte: jolasak, bertso sortak, bat-bateko saioak… Haur zein helduentzako bertso eskoletarako tresna baliagarri izateko asmoz jaio zen bertsoeskola.eus ataria: errima zerrendak, doinuak, gaiak… denetariko materiala dago bertsotan egiteko, baita hasiberrientzako fitxak eta entzuteko bertsoaldiak ere. Eta Bertsoa.eus bertso plaza erraldoia da; hamaika jaialdi eta emanaldi berezi daude bertan