Azken orduetan bederatzi positibo gehiago zenbatu dira Busturialdean
Osakidetzaren datuen arabera, 60 dira eskualdean COVID-19 birusagatik kutsatutako pertsonak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 27 dira hildakoak azken 24 orduetan.
Gaur gaurkoz 60 pertsona dira Busturialdean Koronabirus familiako COVID-19 birusaren frogan positibo eman dutenak. Egunez egun, kutsatutakoen kopuruak gora egiten du, eta gaur atzo baino bederatzi kasu gehiago baieztatu ditu Osasun Sailak eskualdean.
Gaur arte, 30 kasu erregistratu dituzte Bermeon; 16 Gernika-Lumon; 5 Busturian, 2 Mundakan, eta, kasu bana, Arratzun, Elantxoben, Ereñon, Gautegiz Arteagan, Ibarrangelun, Kortezubin, eta Morgan.
Bizkaiko datu orokorarrekin alderatuz gero, inzidentzia txikia izaten ari da birusa Busturialdean. Hala ere, datuen joera gorakoa da.
Osasun sailak atzo bildutako datuen arabera, COVID-19ak jotako beste 655 positibo jaso dira Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, eta, guztira, 4.601 pertsona kutsatuta daudela baieztatu dute. Gaur arte, 11.487 detekzio proba egin dituzte bertan. Kutsatuta dauden guztietatik 1.565 daude ospitalizatuta, eta azken datuen arabera, 27 dira hildakoak azken 24 orduetan; guztira 207 dira koronabirusak hildakoak Euskal Autonomia Erkidegoan. 705 pertsonari alta eman diete, eta beste 109 sendatu dira.
Bizkaian, hain zuzen ere, 2.186 lagun kutsatu dira, eta horietatik 994 daude ospitalizatuta. 204 gaixo daude Galdakaoko ospitalean ingresatuta; horietako 17 ZIUn (Zainketa Berezietako Unitatea). Bestalde, atzoko egunean baita ere, 11 alta eman zituzten Galdakaon.
Beste egun batez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunek azpimarratu dute birusaren hedapena geldiarazteko gomendioei jarraitu behar zaiela. Hau da, eskuak arreta handiz garbitzeko, gainazalak garbitzeko, eta bakartze neurriak errespetatzeko deia egin dute. Gogorarazi dutenez, herritarrek Euskadi.eus webgunean eskura dezakete informazioa.
Medikamentuen banaketa. Bestalde, medikamentuen banaketari dagokionez, botikak ospitaleetan jasotzen dituztenen kasuan, medikamentuaren iraungitze data hurbil daukatenei modu ordenatuan ematen ari zaie hitzordua: “Beraz, itxaron egin behar da hitzordua izan arte medikazioa jasotzera joateko”. Bertaratzerik ez dutenek, berriz, ospitaleko farmaziarekin harremanetan jarri behar dira, “medikamentuak etxean jaso ahal izateko”. Era berean, etxez etxeko banaketa egiteko sistema martxan jarri dutela azaldu dute, “arriskurik gehien edota egoera ahulenean dauden pertsonei zuzenduta”. Guztiei emango zaie bi hilabeterako tratamendua.
Farmazia bulegoetako banaketaren kasuan ere, bi hilabeterako medikazio-sistema ezarri dute. Gaur gaurkoz, 156.000 pertsonek jaso dute medikazioa etxean, eta “apurka-apurka” besteengana helduko dela aitatu dute. Hala eta guztiz ere, etxetik irteteko arazoak eta premia izanez gero, Zuzenean zerbitzuko 012 telefonora deitzeko eskatu dute.