Gernika-Lumoko ospitalean solairu bat hutsik dagoela gogoratu dute
Gernikaldeko ospitalaren aldeko plataformak esan du momentu honetan osasun baliabide denak direla beharrezko, eta irtenbideak bilatzen hasteko unea dela
Koronabirus familiako COVID-19 birusak eragindako osasun larrialdia dela eta, hainbat neurri zorrotz hartu dituzte azken egunotan gobernuek, eta neurri horiek osasun arloari ere eragin diote.
Gernika-Lumoko ospitalean oheak jartzearen alde dagoen Ospitalea Orain plataformak ere egoerari erreparatu dio eta, esan duenez, neurriak harzteko sasoia da. Gaur egun gizarteak bizi den osasun egoera latza dela aipatu du ohar bidez, eta kudeatzen oso zaila.
Osasun arloko langileak dira plataforma horretan biltzen direnak, eta Gernikako ospitalearen baliabideak egoki erabiltzeko deia egin dute koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurri bezala. «Plataformatik gogoratu nahi dugu ospitalaren hirugarren solairuak hutsik jarraitzen duela, eta ez zaiola eman ziezaiokeen erabilera ematen». Egoera honetan, osasun baliabide denak beharrezkoak direla dio plataformak.
Hirugarren solairuak hutsik jarraitzen du, eta ez zaio eman ziezaiokeen erabilera ematen».
Kanpaleku-ospitaleak eta osasun-etxe pribatuak erabiltzearen beharraz ari dira Osakidetzako arduradunak, edota hotelak erabiltzearena sintomarik ez dituzten kutsatutako herritarrak hartzeko eta birusa ahalik eta gutxien zabaltzeko. Ospitalaren aldeko plataformak esan du ez dela eztabaidak pizteko unea, ideiak emateko eta irtenbideak bilatzearena baizik. «Gernikan badugu bizi dugun egoera latz honetan erabilgarri eta lagungarri izan daitekeen espazio bat erabiltzeko moduan», aipatu dute.