Bermeok bakardadean dauden pertsonak identifikatu nahi ditu
Udalak laguntza eskatu die herritarrei, eta telefono zenbaki bat ipini du bermeotarren eskura: 94-617 91 60.
Bermeoko Udalak bakardade egoeran egion daitezkeen pertsonak identifikatu nahi ditu, eta, horretarako laguntza eskatu die herritarrei. Larrialdi egoera dela eta, bakarrik bizi diren pertsonengana heldu gura du udalak; batez ere, adinez nagusi direnengana. Hori dela eta, Gizarte Ongizaterako Udal Patronatua herrian erroldatuta dauden eta 80 urtetik gorakoak diren bermeotarrei telefonoz deika ari zaie, larrialdi egoera zer moduz bizi duten, zelan dauden eta laguntza behar duten galdetzeko. Hala ere, baliteke udal zerbitzuak laguntza behar duten pertsona denengana ez iristea, eta horretarako bermeotarren laguntza eskatu du. Telefono zenbaki bat ipini du herritarren eskura, bakardade egoeran edo laguntza behar duen norbait ezagutuz gero abisua emateko: 94-617 91 60.
Bolumen handiko hondakinik ez. Bestalde, larrialdi egoerak iraun bitartean, Udalak gogorarazi du bolumen handiko hondakintzak biltzeko zerbitzurik ez duela emango. Hori dela eta, herritarrei eskatu die holakorik zakarretara ez ateratzeko.