Alarma egoera apirilaren 12a arte luzatzea eztabaidatuko dute gaur
Espainiako presidente Pedro Sanchezek alarma egoera luzatuko duela komunikatu zien erkidegoetako presidenteei, domeka goizeko bileran. Proposamena Espainiko Kongresuak onartu beharko du bihar
Hamabosta gehiago. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak bilera izan zuen domeka goizean autonomia erkidegoetako presidenteekin, eta jakinarazi zien alarma egoera beste hamabost egunez luzatzea proposatuko duela, apirilaren 12a bitartean. Neurri hori Espainiako Kongresuan aurkeztu beharko du gaur Sanchezek, eta bihar erabakiko dute onartu ala ez.
Pandemiaren egoerarik latzena hurrengo aste amaieran helduko dela iragarri zuen Sanchezek zapatu gauean egin zuen agerraldian, eta etor daitekeenari aurre egiteko herritarrak psikologikoki prestatuta egon behar dutela esan zuen.
Bitartean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zerbitzuek bizi duten baldintza eta baliabideen falta dela eta, Iñigo Urkullu lehendakariak esan zuen “ahal duten beste, eta direnak eta ez direnak” egiten ari direla osasun baliabideen hornidura bermatzeko, eta denboran mantentzeko. Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak esan du 400.000 maskara eta 3.000 bata banatu dituztela Osakidetzako langileen artean, eta Jaurlaritzak «identifikatuta» dauzkala «hainbat azpiegitura», beharrezkoa balitz ere horiek erietxe gisa erabiltzea.