"Berreraikitze sozial eta ekonomikoko aurrekontu" proiektu bat aurkeztuko du Sanchezek
Aurrekontu "estrasozialak" iragarri, eta aitortu du koronabirusaren ondorioen "okerrena" iristeko dagoela, baina herritarren laguntzarako eta zaintzako grina txalotu du.
Espainiako Kongresuaren osoko bilkuran aurrekontu “estrasozialak” iragarri ditu Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. Berreraikitze sozial eta ekonomikoko aurrekontu proiektu bat aurkeztu du, eta horrez gain, koronabirusaren ondorioen okerrena iristeko dagoela zehaztu du. Batasunerako deia luzatu, eta herritarren laguntzarako eta zaintzako grina nabarmendu du. “Halako pandemia batek ez ditu bereizten mugak, eta aurre egin behar zaio batasunaren bitartez. Erkidego guztiak sobera prestatuta daude horrelako egoera bati aurre egiteko. Herritarrei diziplina eskatzen diegun bezala, neurria eman behar dugu. Denbora egongo da oposizioa egiteko”.
Sanchezek esan du ongizate estatua izan behar dela aurrekontuen iparra, herritarrei segurtasuna eta babesa emateko. Berba horiek askotan aitatu ditu eta zerbitzu publikoen garrantzia ere nabarmendu du.”Inor ezin da abandonatu; inor ezin da atzean geratu”.
Koronabirusaren krisia gainditu ondoren, osasun sistemaren egoera aztertzeko batzorde bat osatuko dutela azaldu du: “Babes dezagun gure osasun sistema publikoa. Ez dago osasun sistema justurik zerga sistema justurik gabe. Zenbat eta ongizate estatu handiagoa, orduan eta segurtasun eta babes kolektibo handiagoa”. Larrialdi egoera honetan hartutako neurriengatik, Barne Produktu Gordinak behera egingo duela esan du.
Etxean geratzen den edo behar diren neurri guztiak hartzen dituen pertsona bakoitzak, “bizitzak irabazteko eta bihurgune hau menderatzeko” ekarpena egiten duela azpimarratu du: “COVID19 txertoa iritsi arte, gu gara txertoa. Gutako bakoitza bizitzak salbatzen ari da. Sakrifizioa eta batasuna eskatzen ari naiz; beharrezkoa da biziak salbatzeko. Indartuta aterako gara, erakutsiz zer garen. Zutoin sendoekin berrosatuko dugu gure ongizate estatua. 47 milioi baino zerbait gehiago gara; komunitate bat gara, hizkuntza eta hizkera ezberdinekin kausa beraren alde borrokatzen ari dena: birusa garaitzea”. Azpimarratu du espainiar estatuak egin behar duen guztia egingo duela “elkarrekin egoera hau gainditzeko”. Haren berbetan, horrelako gizarte bat ezin du “ezerk” geldiarazi, ezta birusik kaltegarrienak ere.
Sanchezek egunotako kudeaketa babestu, eta aitortu du neurri “gogorrak” jaso dituztela alarma egoera garatzeko dekretuan: «Dekretua eman zen ezinbestekotzat jo zenean, ez lehenago”. Beharrezkotzat jo du “koordinazio zentralizatu bat” izatea, eta azaldu du erkidegoek osasun sistemaren kudeaketa mantenduko dutela, “baina Madrilek emango dizkiela aginduak”.
Ez ohiko irudia ikusi da hemizikloan; ia hutsik egon da osoko bilkura, diputatu gehienek telematikoki jarraitu baitute saioa. Aitor Esteban egon da bertaratutakoen artean, eta adierazi du EAJ Espainiako Gobernuak hartutako neurri ekonomikoekin ados dagoela, eta administrazioen arteko koordinazioa ona izan dela, eta horrela jarraitzea espero dutela gaineratu du. Egoera “behar baino gehiago ez luzatzeko” eskatu, eta gogora ekarri du 1981ean, alarma, setio eta salbuespen egoerak arautzean, EAJ kontra agertu zela.
Gaurko datuak. Gaur jakitera emandako datuen arabera, Espainian 13.910 pertsona daude kutsatuta; 623 pertsona hil dira eta 1.081 gaixo osatu dira.
DSARS-CoV-2. Espainiako Osasun Ministerioak iragarri du OMEren gomendioei jarraituz, ministerioa proiektu aurreratu bat lantzen ari dela koronabirus berria (SARS-CoV-2) detektatzeko diagnostiko test azkarrak egiteko. Autonomia erkidegoekin koordinatuta ari dira lanean.
Esan dutenez, koronabirus berria detektatzeko probak honako egoera hauetan egiten dira:
1.- Arnas infekzio akutuaren koadro klinikoa duen pertsona, ospitaleratuta dagoenean edo ospitaleratzeko irizpideak betetzen dituenean.
2.-Arnas infekzio altuko koadro klinikoa duen pertsona (edozein larritasunetakoa), osasun-langilea eta soziosanitarioa bada edo funtsezko beste zerbitzu batzuketako talde batekoa bada.
3.-Bereziki kalteberak diren eta arnas infekzio altuaren koadro klinikoa duten pertsonen kasuan, haien larritasuna edozein dela ere, test diagnostikoa egitea kontuan hartu ahal izango da, banakako balorazio klinikoa egin ondoren.
Diagnostiko test azkarrak populazio zabalago bati egin ahal izango zaizkiola zehaztu dute, “kolektibo ahulei eta sintomatologia duten etxeko erregimenean dauden pertsonei”. Azpimarratu dute horrek “aurrerapen handia” ekarriko duela gaixotasunaren diagnostiko goiztiarrean.