Aniztasun jaiak emandakoagaz, "oso gustura"
Lekuek jaialdia zapatuan bukatzekoa zen, baina eguenean agurtu behar izan zuten koronabirusagatik. Jaialdiak emandakoagaz "oso gustura" daude antolatzaileak, hala ere, azken bi egunez ezin gozatu ahal izatea "pena handia" dela diote.
Merkatuen toki nagusietatik kanpo, herriko leku txikiak bete ditu Lekuek jaialdiak aurten ere. Martxoaren 7an hasi zen musika jaialdia zapatuan bukatzekoa zen, baina eguenean agurtu behar izan zuten koronabirusagatik. Jaialdiak emandakoagaz “oso gustura” daude antolatzaileak, baina, azken bi egunez ezin gozatu ahal izatea “pena handia” dela diote.
Gaizka Insunza musikari gernikarraren emanaldiagaz hasi zen jaialdia, eta Ash Grunwald australiarraren kontzertuagaz bukatu zen eguenean. Ordu batzuk lehenago hartu zuten jaialdia kontzertu horregaz bukatuko zutenaren erabakia: “Oraindik ez zegoen ezer debekatuta. Hala ere, erantzukizunez jokatu eta jaialdia bertan behera uztea erabaki genuen”. Asteburuan udalerrian jotekoak ziren talde askok ere kontzertuak bertan behera uztearen alde egin zuten: “Birusak sortutako ezin egonaren ondorioz eta taldeek Gernikara etortzeko dituzten arazoengatik hartzen dugu erabaki hau. Pony Bravok bertan behera utzi zuen bira, eta Bartzelonatik etorri behar ziren beste batzuk, eta ezin zirela gerturatu esan ziguten. Arazoak hasi ziren, eta erdixka geratu beharrean, bertan behera uztea erabaki genuen”.
Erabakia hartzea zaila eta tristea izan zela diote, baina astean zehar bizitakoaz gustura daude: “Astean bizitakoagaz gustura gaude, eta jaialdiari azken bi egunak kendu arren guretzat egun politak izan dira hauek”. Zapatutik egunera arteko egunak “bikainak” izan direla-eta, kontzertu guztiak nabarmendu dituzte: “Lehenengo asteburuan egindako Punky Reggae Ska gaua bikaina izan zen, Lizeoa ia bete-bete egin zen Gaizka eta Cubero anaiekin. Irina Gonzalez, disko eta arte azoka, Arima taldea, Dut, zine kluba, Dupla, Joseba B. Lenoir eta Ash. Egun bikainak izan dira”. Horiez gain, lehenengo asteburuan tabernak ere bete egin ziren: “Tabernariek jakinarazi digutenez, lehenengo asteburuan giro bikaina egon zen”.
Erronkak zehazteko unea. Amaiera ona eduki du jaialdiak. Leku guztietako taldeak gerturatu dira, eta horrek jaialdiaren aberasgarritasuna erakusten du. Hala, etorkizuneko erronkei aurre egin beharko diete orain. “Hurrengo batzarretan aztertuko dugu kontzerturen bat edo beste berriz programatu ahalko dugun. . Jaialdiagaz bukatzeko gogoagaz geratu gara, eta ez dakigu zer, baina egingo dugu zerbait guzti hau bukatzen denean”, esan dute antolatzaileek. Gogo guzti horiek datorren urtean Lekuek “indartsuago” bat eraikitzeko baliagarriak izango dira: “Badakizue burugogorrak garela Gernikan eta momentu zailetatik ikasten dela ere, Lekuek ez da bukatu eta berriz aterako da gutxien espero duzuenean”.
Bost hilabetetan astero-astero batu dira jaialdiko antolatzaileak, eta lan asko egin ostean, “min handiarekin” esan behar izan diote agur “barru-barrutik” sentitzen duten jaialdiari. Hala, jaialdia antolatzeko unean lagundu dieten guztiei eskerrak eman dizkiete: “Eskerrik asko boluntario lana egin duten guztiei, kristoren laguntza daukagu urtero. Eskerrak Lekuek posible egiten dutenei”. Jaialdian jo ezin izan duten taldeei ere aipamena egin gura izan diete antolatzaileek, eta “seguraxki”, Lekueken edota udalerriko beste edozein espaziotan jotzeko aukera izango dutela adierazi dute.
Bonoak. Eurengan konfiantza jartzen duten guztiei eskerrak eman gura izan diete antolatzaileek: “Eskertu nahi dizuegu urtero gugan jartzen duzuen konfidantza, benetan itzelak zarete! Aurton inoiz baino bono gehiago erosi dituzue. Eskerrik asko”.
Jaialdia, baina, erdizka geratu denez, nahi duenak bere sarrera indibidualaren dirua berreskuratzeko aukera izango du, baina denbora “apur bat” eskatzen dute antolatzaileek, “dena bideratzeko.