Kalera, baimendutako kasuetan bakarrik
Behar-beharrezkoa eta baimendutako kasuetan bakarrik atera ahalko dira herritarrak kalera, eta bakarka egin beharko dute zehaztutako kasu zehatzetan ezik.
Espainiar estatuak aldarrikatu duen salbuespen egoera dela-eta ondorengo kasuetan bakarrik egongo da baimenduta pertsonak kalean ibiltzea:
– Elikagaiak, sendagaiak eta oinarrizkoak diren gauzak erosteko (ibilgailuarentzako erregaia, adibidez).
– Osasun zentroetara joateko
– Lanerako joan-etorria egiteko
– Menpekotasuna dutenak zaintzeko (adinekoak, adin-txikikoak, menpekotasunen bat dutenak zein bereziki ahulak diren pertsonak).
– Finantza erakundeetara eta aseguru etxeen bulegoetara joateko
– Ezinbesteko egoerak edo beharrak kudeatzeko
– Aurrekoen tankerako beste edozein jardueratarako, behar bezala justifikatuta badago. Hemen sartuko litzateke, adibidez, txakurra paseatzera ateratzea.
Hori bai, aurreko kasu horietarako etxetik ateratzen den pertsona, bakarrik aterako da beti.
Autoz mugituz gero ere, pertsona bakarra joan daiteke ibilgailuan. Menpekotasuna duten pertsonak beste norbaitekin joan ahal izango dira.
Datozen asteetan, itxita egongo da dena, eta hauek dira irekita egongo diren zerbitzuak: elikagai denda handiak eta txikiak, farmaziak, okindegiak, prentsa kiosko eta dendak, estankoak, gasolindegiak, ileapaindegiak, optika eta ortopediak, animalientzako jana erosteko dendak, tintoreriak eta zerbitzu informatikoak ematen dituzten dendak. Dena dela, ahal den denbora gutxien egon beharko da toki horietan, eta metro eta erdiko tartea errespetatu beharko da beste bezeroekin. Internet bidezko salmenta ere martxan izango da.
Bestalde, kalera ateratzea debekatuta dago honako kasuetan:
– Haurrak parkera edo kalera eramateko
– Paseatu edo korrika egiteko
– Lagunak eta senideak bisitatzera joateko, zaintza behar duen norbait ez bada behintzat (segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dira kasu horietan).
– Bidaiak egiteko
Errege dekretuak bertan behera utzi ditu maila guztietako eskolak ere Estatu osoan.
Era berean debekatu egin dituzte mota guztietako festak zein meza eta erlijioa praktikatzen den guneak irekita izatea ere. Ezkontzak eta hiletak ez dituzte debekatu, baina bai mugak ezarri, eta bertaratzen direnek gutxienez metro bateko tartea izango dutela bermatu beharko da.
Errege dekretu honetan ezarritakoak, derrigor bete beharreko neurriak izango dira.