Koronabirusa saihesteko neurriek eguneroko jarduna gelditu dute
Jaurlaritzak COVID-19aren zabalkundea geldiarazteko neurriak ezarri ditu Bizkai, Araba eta Gipuzkoa osorako eta eskola jarduera aldi baterako eten dute
Eusko Jaurlaritzak nabarmen indartu ditu koronabirusaren hedapena geldiarazteko neurriak. Arabako eta Balmasedako ikastetxeen jarduna eten ostean, atzo Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe guztietan ere irakaskuntza jarduna eteteko agindua eman zuen. Jaurlaritzaren gomendioei jarraituz, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko udalek eta taldeek ere neurri bereziak hartu dituzte, eta ekintza gehienak bertan behera geratu dira.
COVID-19 birusaren zabalkundea geldiaraztea edo moteltzea da helburua. Nekane Murga Osasun sailburuak esandakoaren arabera, gaurtik hasita irakaskuntza jarduera presentziala hamabost egunez etengo da gutxienez. Irakasleak eta gainerako langileak, ordea, euren ohiko ordutegian lantokietan egon beharko duela erabaki du Jaurlaritzak. Osasun Sailburuak orain arte hartutako euste neurriek maila guztietako ikasleei eragin die.
Jaurlaritzak ikastetxeetara bideratutako oharra kontuan hartuta, udalek ere neurri bereziak hartu dituzte, «zentzuzkoena» dela iritzita.
Zaharren egoitzak izan ziren neurriak hartu zituzten lehenengoak. Hala, egoiliar bakoitzeko bisitari bakarra onartzen dute, eta bisitak egiteko ordutegiak 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara murriztu zituzten. Horrez gain, bisitariei datu pertsonalak hartzen dizkiete egoitzara sartzean.
Herriz herriko neurriak. Ondarroako Udalak, esaterako, erabilera publikoko eraikin publiko guztiak ixtea eta jende multzo handiak saihestea erabaki du. «Neurri horiek Jaurlaritzak kontrakorik esan arte mantenduko dira; gutxienez datozen hamabost egunetan egongo dira indarrean», esan dute udal ordezkariek.
Eraikinak ixteko erabakiaz gain, udal eraikinetan egitekoak ziren ekintzak ere bertan behera utzi dituzte, «antolatzailea edozein izanda ere».
Zehaztu dutenez, Herri Busak ez du ordutegia aldatuko, baina ibilbide bakoitzean lehen sartzen ziren erabiltzaileen erdia sartu ahalko da, bidaiarien artean Jaurlaritzak «gomendatutako segurtasun distantzia» mantendu ahal izateko. «Herri Busa ere sarriago garbituko da, ez bakarrik eguneko zerbitzua amaitzerakoan».
Bestetik, Ondarroatik Piccassentera (Herrialde Katalanak) bihar egitekoak ziren espetxe martxa ere bertan behera geratu da, «zaintza erdigunean ipini eta komunitatearen ongizatea bermatze aldera».
Herri batzuetan hamar lagunetik gorako ekintzak ez egitea erabaki dute”
Aulestiko Udalak ere ekintza guztiak eta udal eraikinak zarratzeko erabakia hartu du; Urzabal guraso elkarteak ere antolatuta zituen ekintzak ez egitea ebatzi du. Berriatuko Udalak ere ildo beretik jarraitu du. Udal eraikinak ixteaz gain, aurreikusitako ekintzak ez egitea adostu dute.
Markina-Xemeinen eta Mutrikun ere gainerako herrietako protokolo bera jarraituko dute. Hau da, hamar lagun baino gehiago batzea espero diren ekintzak bertan behera geratuko dira. Bestalde, Mutrikuko institutuko ikasleek hilaren 27an Miruaitzen egin behar zuten desfilea ere bertan behera geratu da.
Muxikan ere Zubieta Errotako ikastaro guztiak bertan behera geratu dira. Zalantzak argitzeko udaletxera deitu behar da. Gernika-Lumoko Udalak ere udal eraikinak ixtea eta horietan egin beharreko ekintzak bertan behera uztea erabaki du. «Gure lehentasuna herritarren, langileen eta laguntzaileen segurtasuna, osasuna eta ongizatea zaintzea da.
Busturiko eta Eako udalek ere leku publikoak zarratu eta aurreikusita zituzten ekintzak bertan behera uztea erabaki dute. Ekoetxea Urdaibaik ikastetxeentzako jarduerak eten ditu, hamabost egunez, bai eta bisitarientzako Ekoetxea Sareko jarduerak ere.
Bermeoko Udalak antolatutako ekintza eta ikastaroak ere bertan behera geratu dira. Horrez gain, nagusiei zuzendutako guneak itxita egongo direla esan dute. «Udal eraikinetara behar-beharrezkoak diren kasuetan baino ez bertaratzea eskatzen da, eta ahal den heinean bide telematikoak erabiltzea». Kirol jarduerak –eskola kiroleko jarduera zein entrenamenduak barne– bertan behera utzi dituzte segurtasunagatik.