"Ez dakit iraultza ze formatutan emango den, baina zubia mugitu da behintzat"
Mugimendu feministak barrura begirako eta tokian tokiko lanketa egiteko denbora gehiago eduki duela dio Kattalin Minerrek, eta egitura handia eta momentu indartsua daukatela, baina etxeko lanak ere bai.
Zer utzi du aurtengo M8ak?
Tokian tokiko ezberdina izan da. Aurten mugimendu feministak barrura begirako eta tokian tokiko lanketa egiteko denbora gehiago izan du. Argi geratu da atzera bueltarik gabeko leku batean gaudela. Hau da, kaleak berriz bete dira, aldarrikapenak hor daude, jende gaztea gero eta gehiago inplikatzen da. Zenbakitan ez dakit, baina hiriburuetako irudiak eta herrietako argazkiak ikusita, hau oraindik gorenean dago. Nahiz eta greba feminista bezalako apustu indartsu batekin ez izan, baizik eta kaleak hartzeko apustu batekin.
Iazko greba mugarria izan zen. Ordutik indarrak gehitzen edo gutxitzen joan dira?
Mugimendu feministak orain erronka handi bat dauka. Gauza bat da martxoaren 8an kaleak zenbat betetzen diren; jendea besterik gabe biltzea ez da izan mugimendu feministaren helburu handiena. Beste aldetik dago Euskal Herriko mugimendu feminista nola dagoen osasunez. Hau da, zenbat jende ari da sostengatzen manifestazio horiek egitea, edukiz betetzea, tokiak tokiko ekimenak egotea, saretzea, diskurtsoak eztabaidatu eta adostea. Foku horretan dauka begia mugimendu feministak; indartu, egonkortu eta ez erre jendea antolatu eta antolatzen. Uste dut azaroko jardunaldi feministek hauspoa eman diotela mugimenduari. Hor ikusi genuen bere osasuna. Tenperatura hartu genion eta nahiko ona dela ikusi genuen.
“Kaleak berriz bete dira, aldarrikapenak hor daude; oraindik gorenean dago hau”
Zeintzuk dira egungo aukerak?
Aipatu bezala, uste dut atzera bueltarik gabeko leku eta momentuan gaudela. Gainera, jada gauza batzuk ezin dira zalantzan jarri iritzi publikotik ere. Badago onarpen maila bat, nahiz eta erreakzionalismoa hor dagoen, noski. Onarpen maila eta mugimendu soziala dago, masa bat. Orduan, aukera hori lortu behar da benetan mezu feminista, erradikal eta antikapitalista eta abarrak txertatzeko, eta ez geratzeko eslogan batean. Aldi berean, erronka hori bera da. Nola masa guzti hori edukiz blaitu.
Eta ze erronka gehiago ditu?
Argi geratu diren erronka zehatzak ditu: dekolonilitatea, euskararen auzia, mugimenduaren osasuna eta antolakuntza bere nola joango garen garatzen, klaseen auzia… Egitura handi bat daukagu, eta momentu nahiko indartsua eta apoteosikoa, baina baditugu etxeko lanak ere bai, edukiak lantzen joateko eta mugimendu hori edukiz blaitzeko.
Zeintzuk dira etxeko lanak?
Inor ez da inoren andereñoa. Feministok hautu hori hartzen dugunean, edo bide horren baitan, ezinbestean aldatzen dizu zure eguneroko bizi ikuspegia. Sistema heteropatriarkal batean bizi bagara, eta feminista bazara, lasai-lasai ez zara biziko. Zure baitan eta inguruan ematen diren zapalkuntza guzti horien kontzientzia daukazunean, seguraski egunero-egunero badaukazu zure borrokaren bat edo dena delakoa. Hori feminista izanda, eta izan gabe, mundua oraindik batzuentzat erosoa dela esango nuke. Desberdindu egin behar dugu mugimendu feministan mugimendu bezala ditugun erronkak eta beharrak, eta gero, gizarte bezala feminismotik ditugun erronkak eta beharrak. Mugimenu feministak lan egingo du erronka horiek zabaltzeko eta ahalik eta jendarte justuago bat eraikitzeko, eta batez ere, interpelatzeko jendartean dauden norbanakoak. Noski, egon edo ez mugimendu feministan, egunean eguneko lana hor dago.
“Argi geratu da atzera bueltarik gabeko leku eta momentuan gaudela”
Borroka feministak dagoeneko iraultza feminista ekarri du? Edo zer falta da hori lortzeko?
Uste dut gaur egun behintzat ez dugula ezagutuko iraultzaz klasikoki dugun esanahaia bezala. Iraultza egiten ari da, eta egiten dugu gure eguneroko jardunean, eta gure eguneroko plantoetan. Seguraski, gauza horiei gero, atzera begira, jarriko dizkiogu tituluak. Iraultza bizitzen ari ote garen edo ez, seguraski hemendik urte batzuetara definituko da. Gaztea naizen arren, goiz hasi nintzen militatzen, eta memoria pixka bat badaukat. Argi daukat eta egia da sozialki bizi izan dugun bazterretako borrokaren ostean, zentralitate nahikoa daukan momentua bizitzen ari garela, erakutsi duena gizarteari inporta zaiola, eta neska gazteen belaunaldi bat dagoela ez dagoena prest onartzeko saldu nahi diguten ustezko berdintasun hori. Gurea da belaunaldi hori, eta hurrengo belaunaldiak are argiago dauka. Iraultza ez dakit ze formatan emango den, baina zubia mugitu da behintzat.
Ez hain gazteak direnek ere borroka horregaz bat egin eta borroka horretan sinisten dutela ikusi da, gainera.
Mugimendu feministan, eta ez bakarrik hor dugun beste erronka bat eta norbanako guztioi arduratu beharko gintuena da, zenbaiteraino ari garen adineko pertsonei begira eta eurei entzutan. Askotan gaztarotik harrokeria puntu batekin jende heldua bakarrik deitzen dugu istorioak kontatzeko edo genealogiak egiteko, eta ez gaur egun gertatzen ari denaz hitz egiteko edo egiten ari garen horretan aktibo aritzeko. Hor feminismoak bi alde ditu. Batetik erronka da, eta bestetik mugimendua badoa eurei lotuta. Ikusi besterik ez dago, tokian tokian, herrietan, adin batetik aurrerako zenbat emakumek hartu duten parte aktiboki, diskurtsoa sortzen , taldera ekartzen eta lan denetan. Horri ere fokua jartzea ez dago gaizki.
“Edukiak lantzeko eta mugimendua edukiz blaitzeko etxeko lanak ditugu”