Zinegoak Hedapena laugarren urtez iritsiko da Bermeora
Bi emanaldi eskainiko dituzte. Eguenean izango da lehenengoa, eta bigarrena datorren martitzenean (martxoak 17) izango da, hain zuzen ere.
Laugarren urtez, Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiaren 17. aldian parte hartu duten zenbait proiekzio ikusi ahalko dira Bermeon, Zinegoak Hedapena programari esker.
Bi emanaldi eskainiko dituzte. Eguenean izango da lehenengoa, eta bigarrena datorren martitzenean (martxoak 17) izango da, hain zuzen ere. Nestor Basterretxea aretoan izango dira emanaldiak, 19:00etan. Aurreko urteetako modura, sarrerak doakoak izango direla esan dute.
Eguenean film laburren txanda izango da. Horretan, 17. Zinegoak jaialdian aurkeztutako hainbat film labur jarriko dituzte ikusgai, euskarazko eta gaztelerazko azpitituluekin. Honako film laburrak jarriko dituzte: Mi pequeño gran samurai (Euskal Herria, 21 minutu), Cocodrilo (Espainia, 4 minutu), Jess (Costa Rica, Espainia, Txekiar Errepublika, 10 minutu), Rani (Pakistan , 14 minutu), AdLib (Euskadi , 7 minutu) eta XY (Islandia, 15 minutu).
Denen artean bat nabarmendu gura izan du Bermeoko Udalak, Mi pequeño gran samurai, hain zuzen ere. Arantza Ibarra zuzendariaren azken lan horrek 2018an bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi gazte transexual ondarrutarraren bizitza dauka oinarri.
Martxoaren 17an, berriz, Zinegoak jaialdian estreinatutako Danielle Lessovitzen opera prima den Port Authority filma ikusteko aukera edukiko dute Nestor Basterretxea aretora bertaratzen direnek. Martin Scorsese zuzendari ospetsuak ekoiztutako filma da eta transfobia soziala lantzen du.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoa osora Zinegoak jaialdian proiektatutako lanen hautaketa bat zabaltzen laguntzen duen programa da, hain zuzen ere, Zinegoak Hedapena. Aurten, 60 udalerritara helduko da Zinegoak Hedapena.
Bermeoko Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu Zinegoak Hedapena programan parte hartzera.