Kepa Bastegietak eta Onditz Iturbek irabazi dute Urdaibai Koparen lehen mendi lasterketa
Arrolape Mendi Klubeko Kepa Bastegieta izan da azkarrena Ibarruriko proban. 475 parte hartzaile batu ditu Ibarruriko Mendi Martxak.

Kepa Bastegieta Ereñozaga gernikarra eta Onditz Iturbe Arginzoniz igorreztarra dira Ibarrurin lehiatutako Urdaibai Koparen lehen probaren irabazleak.
Arrolape Mendi Klubeko gernikarrak ordu bete, 49 minutu eta 22 segundotan egin zuen 20km-ko mendi lasterketa, atzo. Hain zuzen, alde estua egon zen lehenengo sailkatuen artean. Paul Ormaetxea Bilbao muruetarra izan zen bigarrena, Bastegietarengandik 54 segundora. Usansoloko Alexander Ordeñana Etxebarriak osatu zuen gizonezkoen podiuma, 01:50:50 denboragaz.
Iturbek bi ordu, zazpi minutu eta 23 segundotan burutu zuen proba. Harengandik bi minutu pasatxora ailegatu zen Lorena Guinaldo Mancebo eibartarra, eta Saioa Arkonada Perez oñatiarra sailkatu zen hirugarren, 2 ordu, hamazazpi minutu eta 22 segundoko denboragaz.
475 parte hartzaile batu ziren atzo Ibarruriko Mendi Martxan. Lasterketa pisua hartzen doala eta hori agerian geratu zela azpimarratu dute antolatzaileek: “180 zeuden izena emanda, eta 160 bat korrikalarik egin zuten. Bestalde, aurten martxa laburrean jende gutxiago egon da, eguraldiak apur bat baldintzatu duelako, baina egin zutenak pozik egon ziren eta gainera, umeentzako animazioagaz borobildu genuen”. Parte hartze handiena 20km-ko martxa luzean egon zen (255), eta 9km-ko aburra, berriz, 60 batek egin zuten.
Elkartasuna. Aurten, Senegaleko Warang herriaren beharrizanak asetzeko sortutako EULEUK elkartearekin bat egin dute eta parte hartzaileko euro bat emango diote. Herriko eskola eta osasun zentroa hornitzea dira elkartearen lehentasunak.
Emakumeen Eguna izan zen atzo, eta horri keinu bat eginez, emakumeak eta inguruko paisaia lotzen dituen grafitia egin zuen martxarao Martzek. Beste berritasun bat ere edukiko du aurtengo probak. Ohiko plastikozko edalontzien ordez, plastiko berrerabildunak erabili zituzten atzo: “Jende askok eskertu egin zigun”.
Beste behin, balorazio positiboa egin dute antolatzaileek eta gogora ekarri dute “martxarako bide pribatuak ahalbidetzen direla, eta urtero, parte hartzaileei errespetuz jokatzea eskatzen dietela”.








































