Araski doa aurrera
Lointek Gernika Bizkaiak 80-83 galdu du RPK Araskiren kontrako Erregina Koparen final-laurdena. Luzapenean erabaki da kanporaketa.
Luzapenean erabaki zen Lointek eta Araskiren final-laurdena, atzo. Emozioa eta sufrimendua. Hori bizi izan zuten taldekideek zein zaleek. Baina, txanpona talde gasteiztarraren alde erori zen. Beraz, Erregina Koparen finalerdietan dago Araski eta Perfumerias Avenidaren kontra jokatuko du bihar.
Partiduaren osteko prentsaurrekoan, Gaby Ocetek eta Mario Lopezek partidu honetatik ikastearen garrantzia azpimarratu zuten. Neurketa parekatu batean detaile guztiek garrantzia daukatela esan zuen entrenatzaile gernikarrak, eta aukera batzuk ez aprobetxatzea giltzarria izaten dela. Baina, taldeak egindako lanagaz harro dagoela nabarmendu zuen: “Araski bezalako talde baten kontra hamazazpi puntuko errentari buelta ematea ez da batere erraza. Esfortsuari dagokionez, jokalariei ezin zaie ezer aurpegiratu”.
Behetik gora egon zen atzo Lointek. Lehen zatian galtzen joan eta hirugarren laurdenean markagailua irauli zuen. 10-17 amaiatu zuten lehen laurdena, eta gero, Araski 11 puntuko errentagaz heldu zen atsedenaldira. Gazteizko taldean zutabe garrantzitsua da Izaskun Garcia muxikarra eta bigarren laurdena eta berehala min hartu zuen, orkatilan zaintiratua egin zuen.
Gero, Araskikoak zortzi puntuko errentagaz sartu ziren azken laurdenera. “Lehen bi laurdenetan ez gara ondo sartu partiduan, eta defentsan huts egite asko egin ditugu. 41 puntu jasota heldu gara atsedenaldira. Bigarren zatian apurka-apurka aldea murrizten joan gara, eta aurretik jartzea lortu dugu”, azaldu zuen Lopezek. Bigarren zatian taldearen nortasuna ikusi zen kantxan, defentsan intentsitatez jokatuz eta erasoko jokaldiak ondo irakurriz. 75na berdinduta luzapenean erabaki zen final-laurdena.
Luzapenean Lointekekoek euren aukeretan sinistu zuten, baina akatsak gogor ordaindu zituzten: “Erasoan prezipitatu eta atzean larrialdi egoeran defendatu nahiak huts egiteak egitea eragin digu eta ordaindu dugu. Baina ez dut porrot moduan hartu”.
Oceteren aburuz, defentsan huts egiteak egin eta eurei lekua utzita, Araskikoek erraz saskiratu zuten: “Partidua eskuetan eduki dugu eta luzapenean, apur bat prezipitatu gara. Partidu honetatik ikasi beharra daukagu”. Lopezek gaineratu zuen atzoko partidu amaiera bezalako egoeretan, lasaitasuna mantendu, defentsa sendoago egon eta joko arinagoa egiten saiatu behar direla.