Gune publikoetako iriste erraztasuna eta garbitasuna lehenetsi dituzte bermeotarrek
696 bermeotarrek parte hartu dute Bermeoko Udalaren prozesu parte hartzailean.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak gabonetan egin zen prozesu parte hartzailearen emaitzak aurkeztu ditu. Datuak kontuan hartuta, udalak ondorioztatu du bermeotarrentzat herriko gune ezberdinetan garbitasun bereziak egitea eta gune publikoetako espaloiak konpontzea eta asfaltatze lanak egitea lehentasun handiko bi gai direla.
Jakinarazi dutenez, 696 biztanlek parte hartu dute prozesuan. Etxebizitzetara bidalitako dokumentua bete duten bermeotarrak 487 izan dira. Lameran, urtarrilaren 11n eta 12an, jarritako karpan, berriz, 209 herritarrek parte hartu zuten.
Alkatea “pozik” agertu da parte hartzearekin, datua “esanguratsua eta positiboa” baita. Hala, eskerrak eman gura izan dizkie herritarrei: “Uste baino erantzun gehiago jaso ditugu”.
Gabonetan abiarazitako prozesu parte hartzailetik ateratako ondorioak 2020ko aurrekontuen exekuzioan eta laster aurkeztuko duten Agintaldi Planean “zuzeneko eragina” izango dutela nabarmendu du Abaroak. Era berean, udal gobernuaren lan lerroak “indartzeko” ere baliagarria izango dela esan du, “horiek baitira bermeotarren lehentasunak, eta argi eta garbi erakutsi dituzte”.
Aipatu duenez, adin guztietako herritarrak geratu dira ordezkatuta prozesuan, inprimakia bidaltzerako orduan ez baitzuten adin mugarik zehaztu. Modu horretan, parte hartzaile gazteenak 12 urte izan dituela jakinarazi dute, eta nagusienak, berriz, 94. Bestalde, Bermeoko auzo zein gune guztietatik jaso dituzte erantzunak.
Etxeetara bidalitako dokumentuan, udalak 2020rako aurreikusitako 25 ekintza nagusi definitu zituen, eta herritarrek bere lehentasunen arabera ordenatu behar izan zituzten. Espaloiak konpondu eta asfaltatze lanak egitea da herritarrentzako garrantzitsuena0, eta ondoren, garbitasun bereziak egitea herriko gune desberdinetan. Horien atzetik geratu da, berriz, edukiontziak berritzea. Antzinako Jose Done ikastetxean hobekuntzak egiteari eta Itxasgane futbol zelaiaren belarra aldatzeari ez deritze hain garrantzitsuak.
Bermeotarrek datu guztiak eskuragai izango dituzte. Horretarako, Bermeoko Udalak inprimaki bat prestatu du eta datozen egunetan etxeetara bidaliko du. Gainera, www.bermeo.eus udal webgunean ere datuak argitaratuko dituzte.
Prozesu parte hartzaileak bi helburu nagusi zituela gogorarazi du alkateak. Batetik, herritarrei udal baliabide ekonomien berri ematea, eta bestetik, arlo desberdinetan herritarren beharrizanak zehaztea.