Berbalagun egitasmoa aurkeztuko dute Busturian
Altamirako kultur etxean aurkeztuko dute egitasmoa 19:00etan; esperientzia ezberdinak kontatzen dituen bideo bat jarriko dute, eta mokadua egongo da
Berbalagun egitasmoa Busturira ere iritsi da, eta bihar egingo dute aurkezpena, 19:00etan, Altamira auzoko kultur etxean.
Iazko urritik abendura bitartean, proba pilotu bat egin zutela azaldu dute, hau da, talde pilotu bat eratu zuten, eta lauzpabost laguneko talde bat hasi zen batzen Altamirako kultur etxean, bariku arratsaldeetan, euskaraz mintzatzeko. Busturiko Udalak, orain, proposamena onartu du, eta Berbalagun egitasmoa, hortaz, martxan hasiko da Busturian ere.
Herritar guztiak jakinaren gainean egon daitezen antolatu dute biharko aurkezpena. Horretan, bideo bat jarriko dutela jakinarazi dute. Modu horretan, bertaratzen direnek beste herri batzuetan Berbalagun egitasmoan parte hartzen duten herritarren esperientziak nolakoak diren ezagutu ahalko dute.
Bestalde, kanpainarako prestatutako kartela ere aurkeztuko dute. Ondoren, bertaratukoentzako mokadua egongo da. Gura dutenek bihar bertan izena eman ahal izango dute Berbalagunen. Hala ere, telefono zenbaki bat ere badago eskuragarri izena emateko edota informazioa jasotzeko : 607 60 95 80.
Momentuz, goizeko talde bat egotea aurreikusi dute.
Berbalagun egitasmoaren bitartez, euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen zaizkie parte hartzaileei, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo. Lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute, eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko.
Bi modutara parte hartu daiteke. Alde batetik, euskara praktikatu gura dutenak daude, eta bestetik, bidelariak, bide hori egiten laguntzen duten pertsonak, hain zuzen. Baterako zein besterako izena eman daiteke.