Oñaberriko zubiaren azken lau piezak kokatuta, lanak amaitzear daude
Urrian hasi zituzten lanak, hala ere, errepidea zirkulaziora zabalik mantendu dute momentu oro. Aste amaierarako errepideko bi erreilak zabalik egotea espero du alkateak.
Sei hilabeteren ostean, amaitzear daude Foruko Oñaberriko zubian egiten ari diren lanak. Atzo ekarri eta kokatu zituzten erreka zeharkatzen duen zubi berriaren azken lau piezak.
Garabia biren laguntzagaz, piezak banan-banan kokatu zituzten langileek. Horren eraginez, lanak amaitu bitartean, zirkulazio txandakatua ezarri zuten, eta zenbait unetan auto ilarak sortu ziren bi noranzkoetan. Langileek, gainera, ez zuten eguraldia lagun izan, euria eta txingorra tarteko.
Zubi berria amaituta, hormigoia bota eta errepidea lehengo modura zabalduko dutela azaldu du Foruko alkate Mikel Magunazelaiak. Aste amaierarako izango dela uste du. Ondoren, ingurua atontzeko lanekin jarraituko dute.
Lanak faseka egin behar izan dituzte, errepidea zabalik mantenduz zirkulazio arazorik ez izateko; bide bat zabalik izan dute momentu guztietan. Alkatearen esanetan, eskualdeko bi herri handien arteko errepidea izanik, “ezinezkoa” zen zarratzea.
Gogorarazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundiari esker egin ahal izan dituzte herriarentzako “beharrezkoak” ziren lan horiek. “Udal modura ez genuen inoiz horri aurre egiteko baliabiderik edukiko. Horregatik, eskerrak eman gura dizkiegu”. 14 urte daramatzate proiektu horren zain: “Hiru alkate ezberdinen ahaleginak egon dira”.
Lehengo zubiaren egoera txarra aipatu du Magunazelaiak; “jausteko zegoen”. Euri asko egiten zuenean zubiak ez zeukan errekan sortzen zen ur jarioa igarotzen uzteko lekurik. Hori dela eta, urak gainezka egiten zuen eta errepidea urez betetzen zen, Forua zeharkatzen zuten ibilgailuak geldiaraziz. Are gehiago, Oñaberri erreka inguruan dauden etxebizitzetara ura sartzen zen, eta horietako askok sukaldea beheko pisuan daukatela dio, “bertako bizilagunentzat arazo handiak eraginez”. Oñaberri zubiaren ondoan dago baita ere zaharren egoitza, 44 egoiliarrekin: “Euria egiten zuen bakoitzean nahikoa txarto pasatzen zuten”.
Urte asko egon dira egoera hori sufritzen. Baldatikan egin zituzten lehenengo lanak, han ere arazoak sortzen baitziren. “Orain gune honetan lanak eginda ere ez da egoera guztiz konponduko, beherago, trenbidean beste zubi bat dago, eta han ere arazoak sortzen dira uragaz. Zati hori, baina, Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da. Hala eta guztiz ere, gutxi-gutxika bagoaz oztopoak kentzen, eta falta dena egiteko eskatzen jarraituko dugu ekinean”.
Lehenengo faseko lanak egiten ibili ziren bitartean, abenduan, “une kritikoa” bizi izan zutela gogorarazi du alkateak: “Ura sartu zen inguruko garajeetara. Modu horretan, bertatik bertara ikusi genuen lanek zeukaten beharrizana”.