Kontserberetako emakume langileak omenduko ditu Erroxapek
Ekitaldia bihar izango da 19:00etan Erroxapek Erretenen duen egoitzan. Kontserberetan lan egiten duten emakume guztien lana eskertzeko omenaldia izango bada ere, denen izenean bi ordezkarik parte hartuko dute.
Urtero, herriko emakumeen kolektibo bat aukeratzen du Erroxape Bermeoko Emakumeen elkarteak, eta Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, euren lana goraipatzen dute. Aurten, Bermeoko Kontserba enpresetan lan egiten duten emakumeak aukeratu dituzte, eta beraiek egindako lanari esker ona adierazteko ekitaldia egingo dute bihar.
Kontserberetan lan egiten duten emakume guztien lana eskertzeko omenaldia izango da, hala eta guztiz ere, denen izenean bi ordezkarik parte hartuko dute, belaunaldi ezberdinetakoak. Rafi Diaz Rocha eta Aintzane Larrabaster Mendiguren izango dira, hain zuzen ere, euren esperientziak kontatuko dituztenak.
Ekitaldia bihar izango da 19:00etan Erroxapek Erretenen duen egoitzan. Horretan, Erroxape Abesbatzak ere parte hartuko duela azaldu dute.
Eguenean, berriz, En Tierra de Hombres filma ikusteko aukera eskainiko dute Erroxapekoek. 18:30ean jarriko dute filma, eta ondoren, Leire Zuluaga Agirre hezitzaile eta ekintzaile feministagaz filmari buruz hitz egiteko aukera edukiko dute bertaratutakoek.
Bestalde, elkarteak antolatzen dituen ikastaroetan egiten dituzten lanak ikusgai jarri dituzte, Nestor Basterretxea aretoan. Erakusketak barikuan ireki zituen ateak, eta domekara bitartean ikusgai egongo da. Aste bitartean 18:00etatik 21:00etara bisita daiteke erakusketa, eta zapatuan eta domekan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara egongo da zabalik.