Landaketan parte hartu gura duten herritarrek aurretiaz izena eman beharko dute, eta eguaztena da hori egiteko azken eguna.
Undabaso baso bihurtzen jarraituko dute Lurgaia fundazioko kide eta boluntarioek. Landaketak egiteko jardunaldia prestatu dute zapaturako, eta bertara joateko hitzordua 09:00etan jarri dute Astei jatetxearen aurreko aparkalekuan, Muñiketa auzoan.
Landaketan parte hartu gura duten herritarrek aurretiaz izena eman beharko dute, eta eguaztena da hori egiteko azken eguna. Ibarruriko Undabason egon gura dutenek, info@lurgaia.org helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute. Izena ematerakoan parte hartzaileek euren izen-abizen eta adina zehaztu beharko dute, baita jatorrizko udalerria eta mugikor zenbakia ere.
Lekuak mugatuak dira, eta izena emanez gero, bertaratzeko eskatu dute antolatzaileek: “Izena emanez gero, saiatu hitzordura bertaratzen. Seguraz ere norbait leku barik geratu da, eta batek huts eginez gero, leku bat hutsik geratuko litzateke”. Halaber, saioak helduei zuzendutakoak direla diote, eta adingabeak helbu baten ardurapean joan beharko direla zehaztu dute.
Landaketa lanak. Zapatuko lana landaketak egitea dela jakinarazi dute fundazioko kideek, zuhaitzak landatuz Urdaibaiko harizti mistorik handiena lortu gura dutelako: “Undabason landaketak egiteko elkartuko gara, Undabasoko basoari bere berreskuratze motel baina irmoan laguntzeko”. Horretarako, bertako zuhaitz eta zuhaixka ugari landatuko dituzte Ekoetxearen laguntzagaz.
Hori horrela, inguruko herritarrei zapatuko jardunaldian parte hartzeko deia egin diete. Oraingoan ere, Lurgaia Fundazioa arduratuko da materiala eramateaz, baina parte hartzaileei arropa erosoagaz joateko deia egin diete: “Zikindu daitekeen arropa, txubaskeroa eta ,endiko edo ur botak eraman”. Gainera, kantinplora eta goiz erdian zerbait jateko otordua eramatearen gomendioa ere egin diete.