Iazko legez, 48 bertsolari gaztek parte hartuko dute, eta lau kanporaketa saio eta bi finalaurreko jokatuko dituzte. Finala martxoaren 26an izango da.
Busturialdearen eta Enkarterri-Ezkerraldearen aurkako kanporaketagaz hasiko da bihar 28. Bizkaiko Bertsolari Gazteen sariketa; Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean lehiatuko dute kanporaketa.
Bihartik martxoaren 26ra bitarte jokatuko da sariketa, eta iazko moduan, 48 bertsolari gaztek parte hartuko dute. Aurten ere, lau kanporaketa saio eta bi finalaurreko jokatuko dituzte. Finala martxoaren 26an izango da, Bilboko BBK Aretoan.
Sei bertsolariko zortzi taldek parte hartuko dute, eskualde bakoitzak talde bat osatuz. Hurrengoak dira parte hartzaileak: Busturialdea, Lea-Artibai, Arratia, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Hego Uribe, Uribe-Butroe, eta Uribe-Kosta.
Bertsolari gazteentzako aukera. Txapelketaren indarguneetako bat bertsolari gazteenei ematen dien aukera dela diote antolatzaileek: “Euren burua proban jarri eta erronkak gainditzeko”. Talde lana jorratzea ere bilatzen dute gainera: “BBK sariketaren ezaugarri nagusienetako bat taldeka jokatzen dela da. Talde lana balioan jartzea bilatzen dugu”.
Talde izaera eta elkarren arteko harremanak indartu guran, aurten ere, BBK Sariketako sari nagusia taldeko plan bat izango da. Finalistek garaikurrak jasoko dituzte, baina sari nagusia Txapelketan parte hartuko duten gazte guztientzako (bertsolari, gai-jartzaile eta epaile) egun osoko plana izango da. Horrez gain, finalean kantaldi onenaren saria ere egongo dela aurreratu dute.
Egutegia
Bihar, Barakaldo
10:30. Busturialdea eta Enkarterri-Ezkerraldea Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean.
Etzi, Igorre
11:30. Arratia eta Durangaldea Igorreko Institutuan.
Martxoak 9, Mungia
11:00. Uribe Butroe eta Hego Uribe Mungiako Torrebillelan.
Martxoak 11, Markina-Xemein
10:30. Lea-Artibai eta Uribe Kosta Kultur Aretoan.
Martxoak 16, Iurreta
10:00. Finalaurrekoak Orobieta Institutuan.
Martxoak 18, Sopela
9:45. Finalaurrekoak Ander Deuna Ikastolan.