Bihar zabalduko dute, eta martxoaren 15era arte gura duenak parte har dezake. Aurretiaz izena eman behar da, baina doako ekintza dela zehaztu dute antolatzaileek.
Familian jolasteko scape room-a jarri du BBk Familyk Gernika-Lumoko San Juan Ibarran. Bihar zabalduko dute, eta bertaratzen direnek martxoaren 15era bitartean parte hartu dezakete. Bermeoko Lameran ere jarriko dute, maiatzaren 16tik 31ra arte.
Familientzako saioak astelehenetik ostiralera arratsaldez izango dira, eta asteburuetan, berriz, egun guztian zehar; saioak euskaraz eta gaztelaniaz dira. Bertara hurbilduta parte hartu dezakete interesatuek, baina aurretiaz izena ematea gomendatu dute arduradunek, eta horretarako, BBK Family webgunean ahalbidetu dute: “Aukeratu komeni zaizuen ordua eta ahaztu ilarak”. Saio guztiak doakoak direla aurreratu dute gainera.
Scape room jolasak familian ondo pasatzeko aukera eskaintzen duela diote arduradunek, izan ere, erronka batzuk gainditu beharko dituzte parte hartzaileek. Gazteen hazkuntzarako garrantzitsuak diren zenbait gaitasun azalduko dituen proiekzioa emango dute lehenengo, eta esperientzian zehar, parte hartzaileen elkar eragitea bilatuko dute jolasek. Gurasoen, aition-amonen eta seme-alaben ekarpenekin, azkenik, gelatik ihes egitea lortu beharko dute.
“Bideojokoek, mugikorrek edota tabletek zaildu egiten dute elkarregaz denbora dibertigarria pasatzea. Jolas honek, berriz, egoera hori aldatu gura du, eta elkarregaz momentu onak pasatzea sustatu”, adierazi dute antolatzaileek. Dagoenerako 1.500 familiak baino gehiagok parte hartu dute Barakaldon, Bilbon, BECen, Portugaleten eta Basaurin.
Ikastetxeetarako Domoa.
Astelehenetik ostiralera bitartean, goizez, Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 5. mailara arteko ikasleei zuzenduteko bi saio prestatu dituzte arduradunek: bata 09:30ean, eta bestea, berriz, 11:15ean. Elkarren arteko tratu ona bultzatzea dute helburu 75 minutuko saioek.
Ikasleen gaitasun sozio-afektiboak garatuko dituzte jolasagaz, “autobabeserako eta tratu onerako tresna gisa”. Horrez gain, gizartearen parte aktibo gisa tratu onaren premiei buruzko ahotsak sortzea ere bilatzen dutela diote arduradunek.
‘BBK Family’ izeneko proiektua BBKren ekimen berria da, EDE Fundazioaren eta Bidegintza GKEaren laguntzagaz bultzatuta. Seme-alabak hazi eta hezteko behar duten guztia eskaintzeko asmoz eraiki dute, eta Bizkaian oinarrizko prebentzioaren arloan erreferentzia-zentro izateko asmoagaz sustatu dute.
Psikologian, pedagogian eta hezkuntzan adituak diren profesional-talde batek osatzen du BBK Family, eta aholkularitza pertsonalizatua du zalantzak eta kezkak kontsultatzeko profesional taldea ere.