Datorren astean zabalduko dute Astrako pasabidea
"Pasabidea bukatuta dago, azken ukituak egitea besterik ez da geratzen", adierazi zuen Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak eguazten iluntzeko osoko bilkuran.
Iparragirre kalea eta Astra batuko dituen oinezkoentzako pasabidea datorren astean zabalduko dutela jakinarazi du Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak. “Pasabidea bukatuta dago, azken ukituak egitea besterik ez da geratzen“, adierazi zuen eguazten iluntzeko osoko bilkuran.
Azpiegitura horri esker, inguru horretan dagoen “irisgarritasun arazoak” konponduko direla adierazi zuen Gorroñok. Izan ere, proiektuari esker, oinezkoek ez dituzte trenbideak zeharkatu beharko. Halaber, Astrako aparkalekuan autoa uzten duten herritarrei erdigunera hurbiltzea erraztuko dien azpiegitura ere badela dio alkateak: “Astran aparkatzen duten erabiltzaileek ibilbide luzea egin behar dute erdigunera heltzeko, eta gainera, trenbidea pasatu behar dute, horrek dakarren arriskuagaz”.
Etorkizunera begira ere “garrantzitsua” izango dela aurreratu zuen. “Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseilu batean onartu zuen diziplina berrietarako Lanbide Heziketako zentro bat Astran kokatzea. Hala, bertara doazen ikasleentzat ere baliagarria izango da pasabidea. Eusko Jaurlaritzak proiektu hori lehenbailehen martxan jartzea espero dugu”, adierazi zuen. Hala ere, Hezkuntza Sailak oraindik ez du aurrerapausorik eman prestakuntza-zentroa eraikitzeari dagokionez.
Herriko guneei balioa. Proiektu honek gainera, herrian “gutxi erabiltzen den inguruari” balioa emango diola uste du Gorroñok. Hori horrela, Correos aurreko espazioa “aisialdirako gune izateko” egokitu dute. Lurzorua aldatu eta granitozkoa jarri dute.
“Gernika-Lumo gero eta herri erosoagoa izateko, eta bizitzaren kalitatea handiagoa izateko proiektua da honakoa; helburu horiek lortzeko lanetan gabiltza”, dio alkateak. Herriko irisgarritasuna hobetzeko planaren barruan kokatutako proiektua da, eta 736.000 euro inguruko balioa izan du. Trenbidearen gaineko zubiak bost metroko altuera eta hamasei metroko zabalera ditu; 2.800 metro karratu hartuz.