Andra Mari eta Barrenkale urbanizatzeko lanak hasi dituzte
Udalerriko errepideak eta plazak hobetzeko udal planaren parte dira lanok, eta hiru hilabete iraungo dutela jakinarazi dute udal arduradunek.
Gernika-Lumoko Udalak hiribilduko kaleak eta plazak hobetzeko planarekin jarraitzen du, “udalerria bizilagun eta bisitarientzat atsegina eta erosoa izan dadin”.
Lanon helburua Andra Mari eta Barrenkale kaleak urbanizatzea da, egunez egun oinezkoen joan-etorri handia biltzen duten kaleak baitira. Atzo hasi ziren obrekin, eta aurreikusi dutenez, lanek “gutxi gorabehera” hiru hilabete iraungo dutela jakinarazi dute.
Granitozko zoladura jarriko dute eremu horretan, eta gaur egun dauden aireko kableak kenduko dituzte. Hori horrela, proiektuak inguru horri “argi gehiago” emango diola adierazi dute.
Udalerriko errepideak eta plazak hobetzeko udal planaren parte da, baita ere, Don Tello kalean irisgarritasuna hobetzea; 2 eta 32 zenbakien arteko irisgarritasuna hobetuko dute. Lan horiek, baina, Andra Mari eta Barrenkale kaleko obrak bukatu eta gero hasiko dituzte.
Bi esku-hartzeek 364.395 euroko aurrekontua dute.