Hamaseigarrenez hartu du Q ziurtagiria Gernikako Turismo Bulegoak
Hamarretik 9,4 puntu jaso ditu aurten Turismo Bulegoak, eta aztertzaileek nabarmendu dutenez, bulegoaren punturik sendoena giza baliabideena da.
Turismoaren kalitatezko Q ziurtagiria jaso du Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak, hamaseigarren urtez jarraian. Instituto de Calidad Turistica Españolak (ICTE) ematen du ziurtagiria, eta hamarretik 9,4 puntu jaso ditu aurten Gernika-Lumok; iaz 8,82 puntu jaso zituen.
Aztertzaileek egindako azterketan nabarmendutako punturik sendoena giza baliabideena izan da; hori horrela, Turismo Bulegoko langileen lana saritu dute.
Udaleko arduradunek esan dutenaren arabera, Q ziurtagiria turismo erakundeen kalitate maila berariaz egiaztatzeko lehen sistema da: “Lehen mailako sistemak bermatu egiten du Gernika-Lumok bisitarientzako eta herritarrentzako kalitate goreneko zerbitzu b aten alde lan egiten duela”.
Q ziurtagiria, baina, ez da Turismo Bulegoak eskuratutako sari bakarra. Izan ere, 2016. urtean, Kudeaketa Aurreratuaren Diploma jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren eta Euskalit fundazioaren eskutik.
48.000 koltsulta baino gehiago. Turismo Bulegoan herriko biztanleen 2.606 eskaera eta Espainiako Estatuko 45.629 kontsulta erantzun zituzten guztira.
Herrialde Katalanetatik 8.476 lagun gerturatu ziren, eta Madriletik, berriz, 7.864 lagun; estatu mailako bisitarien %11,4 eta %10,55 dira. Atzerritik etorritako bisitarien kopurua, berriz, %338,6koa izan zen. Gehienak Frantziatik gerturatu ziren (%13,5), eta gero, Alemaniatik (%5). Amerikako Estatu Batuetatik gerturatutako bisitarien kopurua ia 2.000 lagunekoa izan zen.
Bisitariek udalerrira gerturatzeko erabiltzen dituzten garraio motei dagokienez, garraio publikoaren erabilera %4 igo dela nabarmendu dute Turismo Bulegoko arduradunek: “Hala ere, garraio publikoaren erabiltzaileak %11 besterik ez dira, eta auto partikularretan iristen direnak, berriz, %89”.
Turista gehienak, gainera, astelehenetan gerturatzen dira, Merkatu plazagaz bat eginez. Asteko egun horretan, batez beste, 359 lagun dabiltza herriko kaleetan zehar. Abuztuko astelehenetan, berriz, datu hori 1.300 pertsonara igotzen dela diote: “Jende gehien ibiltzen den ordutegia 11:00etatik 13:00etara artekoa da”.