Lau tona hondakin organiko baino gehiago birziklatu dituzte gernikarrek 2019an
Iazko datuen arabera, guztira, 6.668.631,26 kilo hondakin bildu zituzten Gernika-Lumoko herritarrek. Horietatik lau tona hondakin baino gehiago izan ziren hondakin organikoak.
Gernika-Lumoko herritarrek birziklatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dutela diote udal arduradunek. Erregistratutako datuen arabera, udalerriko birziklatze-tasa %29,24koa izan zen 2019an, aurreko urteen antzekoa; %29koa izan zen birziklatze tasa 2017an eta 2018an zehar.
Guztira sei tona hondakin baino gehiago batu zituzten iaz; 6.668.631,26 kilo hain zuzen ere. Eta guzti horietatik lau tona baino gehiago birziklatutako hondakin organikoak izan zirela jakinarazi dute; 4.718.838 kilo, 2018an baino 29.710 kilo gehiago. Kopuru horrek 2016an ezarritako bilketa-sistemaren eraginkortasuna nabarmentzen duela uste dute udal arduradunek, eta bide hori, gainera, arlo publikoko eta sortzaile handien atez ateko bilketarekin konbinatu dutela jakinarazi dute: ikastetxeekin, egoitzekin, edota jatetxeekin besteak beste.
Hondakin organikoez gain, beste 547.616 kilo beira batu zituzten iaz, 2018an baino 52.016 kilo gehiago. Plastikoei erreparatuz, guztira, 290.162,26 kilo batu zituzten, eta aurreko urtean, berriz, 258.883 kilo.
Nabarmentzekoa da, baita ere, 229.770 kilo tresna eta 64.760 kilo arropa birziklatu dituztela gernika-lumotarrek; 227.939 kilo eta 62.295 kilo bildu zituzten 2018an, hurrenez hurren.
Bosgarren edukiontzia, 513 familientzat.
Zarama bilketa zerbitzuagaz batera, Gernika-Lumoko Udalak hondakin organikoen bilketa selektiboa egiteko bosgarren edukiontzia jarri zuen martxan 2016. urtean. Orain arte, 513 familia gernikarrek hautatu dute gaikako bilketa berri hori erabiltzeko sistema, eta hondakinak biltzeko kit bat jaso dute: kubo bat, edukiontziaren giltza eta poltsa birziklagarriak.
Lekaleak, frutak, barazkiak, pastak, landare-hondarrak edota fruitu lehorrak dira bosgarren edukiontzian batzen diren honakinak, eta iaz 191.580 kilo batu zituzten. Sistema martxan jarri zenetik gaur egunera arte, berriz, 550.260 kilo bildu dituzte.
Nabarmentzekoa da, baita ere, olioaren berreskurapena birziklatutako 10.720 litrogaz; 11.504 litro batu zituzten 2018an.