Akordeekin akort dira umeak
Musika eskolan parte hartu dute 30 ume inguruk, Astra Txikik eta Iparragirrek antolatuta
Lau akorde eta zeruan, lau akorde eta infernuan… Gitarrak eta baxuak esku artean, musikarekiko sena piztuteko aukera izan dute Gernika-Lumo eta inguruetako umeek, Astra Txikik eta Iparragirrek elkarlanean antolatutako Musika Eskolari esker. Domeka arratsaldean egin zuten ekimenak haurrak musikara eta musika instrumentuetara hurbiltzea zuen asmo, eta helburuak bete dituztela azaldu dute antolatzaileek. Bai batzuk zein besteak, pozik agertu dira emaitzarekin, eta aurrerago ere umeei zuzendutako jarduerak prestatzeko gogoa piztu zaio Iparragirre Rock Elkarteari.
Iparragirre Rock Elkartearen ateak etxeko txikienentzako zabaldu ziren domekan, eta eskulan tailerrekin eman zioten hasiera ekimenari. Horiez gain, bateria, gitarra eta baxuarekin esperimentatzeko aukera ere izan zuten txikiek, bi orduz. Batek edo bestek, gainera, musika instrumentuekin duen trebezia utzi zuen agerian.
Astra Txikikoek azaldu bezala, musika eskola tradizionaletan ez bezala, “euren kabuz esperimentzatzeko aukera izan dute. Eduki akademikoak albo batera utzi eta umeak musikara modu naturalean hurbiltzeko esperimentu pilotua izan da”. Hala, arrakastatsua izan delako, berriro antolatzeko asmoa agertu dute antolatzaileek.