Ligako hamaseigarren garaipena, Eibarren kontra
Gernika Rugby Taldeak 74 - 11 irabazi dio AVIA Eibar Rugbyri. Ohorezko B mailako A multzoan bigarren jarraitzen du talde gernikarrak, Getxo liderrarengandik zazpi puntura.
Ohorezo B Mailari dagokion hemeretzigarren jardunaldian, Gernika Rugby Taldeak AVIA Eibar Rugby hartu du Urbietan, eta alde nabarmenagaz nagusitu da etxeko taldea: 74 – 11.
Zapatu arratsaldeko partiduan ondo sartu ziren gernikarrak lehen momentutik; horren adierazle da bigarren minutuan Eneko Gorostizak etxekoen lehen entsegua lortu izana. Hala ere, azkar iritsi zen eibartarren erantzuna. Zigor ostiko batez baliatu ziren markagailuan hurbiltzeko.
Basurdeak ondo kokaturik zeuden zelaian, gustura, eta horrela, lehen ordu laurdena bete zenerako hiru entsegu pilatuta zituzten (Langi Lolotonga eta Eneko Gorostiza). Eibarreko jokalariek beste zigor kolpe batekin murriztu zuten aldea Baina, nekea sentitzen hasi zirela nabari zen eta jokoa apurtuz joan zen. Gainera, bertako Tiuete Asi jokalarariari txartel horia atera zion epaileak. Momentu hori ondo aprobetxatu zuen Gernika RTk; beste bi entsegu egin zituen markagailuan tartea handitzeko. Simon Lilicamak eta Xabier Albizuak lortu zituzten aipatutako entseguak.
Berriro ere bi taldeak hamabost jokalarirekin zeudenean, eta atsedenaldirako minutu bat falta zenean, Lindokhule Welemu basurdeak neurketako seigarren entsegua egin zuen. 38 – 6ko emaitzagaz amaitu zuten lehen zatia.
Bigarren zatian etxekoen entsegu festaz gozatu zuten zaleek. Bigarren zatia hasi eta segituan AVIA Eibarrek lehen entsegua egitea lortu zuen (Tiuete Asi). Baina, etxekoek lanean jarraitu zuten. Eibartarren kolpearengandik bost bat minutura Peio Urrutiak bi entsegu jarraian egin zituen. Handik gutxira heldu zen etxekoen bederatzigarren entsegua, Langi Lolotongaren eskutik.
Solomona Parakik ere egin zuen beste bat Gernikarentzat. Gainera, entsegu horren ostean, Tiuete Asi aurkariak txartel gorriagaz zelai utzi behar izan zuen (bi txartel hori ikusi zituelako). Jarraian, Jon Mikel Aboitiz basurdearen entsegua heldu zen. Partidua amaitzeko bost minutu falta zirenean, Peio Urrutia etxeko jokalariak egin zuen partiduko azken entsegua.
Getxorengandik 7 puntura. Zapatuan bost puntu gehiago eskuratuta, sailkapen orokorrean 79 punturekin bigarren postuan mantentzen da Gernika-Lumoko taldea. 86 puntu ditu Getxo RT liderrak. Campus Universitario Ourense RC dago hirugarren, 50 puntugaz.
AVIA Eibar sailkapeneko beheko postuetan dago; hamargarrena da, eta 29 puntugaz berdinduta dago Gaztedi RT sailkapeneko azken aurrekoagaz. Real Oviedo Rugby dago azken postuan, 21 puntugaz.
Zapatu honetan ere, Urbietan. Hurrengo jardunaldian ere etxean jokatuko dute basurdeek. Babyauto Zarautz RT izango da 20. jardunaldiko aurkaria (hiru jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko). Lehen itzuliko neurketan Gernika RT 16-27 nagusitu zen Astin.
Gaur gaurkoz, 46 puntugaz Zarautz laugarren postuan da sailkapen orokorrean.