Girona hobea izan da
Lointek Gernika Bizkaiak bederatzi puntugatik galdu du Spar Citylift Gironaren kontra, Malosten. Talde katalana da orain sailkapeneko bigarrena eta puntu bat gutxiagogaz hirugarrena da talde gernikarra.
Zapatukoa partidu zaila izango zela argi zeukaten eta hala izan zen. Eguazteneko Eurokopako Valenciaren kontrako porrotaren ostean, Gironaren kontra garaipena eskuratzeak animoa eta indarra emango zion taldeari, baina Girona hobea izan zen.
Lointek Gernika Bizkaiak 60-69 galdu zuen talde katalanaren kontra. Partidu amaitu ostean, Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak esan zuen Girona gustura egon zela kantxan eta eurei orain arte izan duten indarra falta zaiela: “Ez gara partidu ona jokatzen egon, eta garrantzitsua zen sentsazio onekin amaitzea. Azken laurdenean emaitza makilatzea lortu dugu, baina, lehen hiru laurdenetan gertatu zaiguna aztertu behar dugu”.
Talde katalana markagailuan aurretik egon zen partidu hasieratik. Lehen laurdenean aguantatu zuten etxekoek, baina bigarrenean tartea asko handitu zuen egungo ligako txapeldunak. Lopezen berbetan, Gironak bere historiako talderik onena dauka orain, eta gogora ekarri zuen Avenida liderrari irabazita ailegatu zela Malostera. Martxa bat gehiagogaz aritu ziren aurkariak, eta defentsan sendo. Etxekoek ez zuten une batez ere amore eman, eta azken unera arte aurkariak tentsioan mantendu zituzten.
Bizi-bizi hasi zuten neurketa, batik bat Dietrick, Wojta eta Milic etxeko jokalariek. Bosniarrak Coulibalygaz duelo itzela eduki zuen. Vasic barik heldu zen Girona Gernikara, baina jokalari handiak dituen taldea da. Etxekoak zonakako defentsagaz aritu ziren. 14-11ko markagailuagaz zeudela, aurkariek aurrea hartu zuten eta 14-18 amaitu zuten lehen laurdena. Gironak beste lau puntu egin eta etxekoak saskiratzerik lortzen ez zutela ikusita, Lopezek hutsartea eskatu zuen. Wojtak lehorteagaz amaitu zuen, baina Gironakoen erantzuna 0-11ko partziala izan zen. Lointekekoak gero eta konfiantza gutxiagogaz ikusi ziren zelaian, eta aurkari batek ere ez zuen hutsik egiten. Horien pare jartzeko ahalegina egin zuten etxekoek, baina ez zuten lortu. Gironaren hamalau puntuko errentagaz (21-35) joan ziren aldageletara.
Bigarren zatian ere marea granatearen bultzada entzun eta sentitu zen Malosten. 4-0ko partzialagaz hasi ziren, baina hurrengo jokaldi eta minutuetan lehen zatiaren itxura eduki zuen neurketak. Malosteko taldea defentsan ez zen txarto aritu, baina erasoan, saskiratzeak asmatu ez izana garesti ordaindu zuen. 32-50eko markagailuagaz sartu ziren laugarren laurdenera. Orduan lortu zuen Dietrickek etxekoen lehen hirukoa. Wotjak bere maila eta Arrojok bere nortasuna erakutsi zutem. Halere, Gironako Bishop geldiezin aritu zen. Azken segundora arte borrokatu zuen etxeko taldeak eta inor ez zen erlaxatu.
Eguaztenean, Valentzian. Gaur entrenamendu bikoitza dauka talde gernikarrak eta bihar bidaiatuko du Valentziara. Eurokopako kanporaketa gainditzeko, lehenik eta behin posible dela eta Valencia mendean hartu ahal dutela sinestu behar dutela adierazi du entrenatzaile gernikarrak: “Eurak kanporaketa ondo bideratuta daukate, baina guk gure kartak jokatuko ditugu”. Valentziarrek daukaten hamar puntuko errenta gainditu behar dute final-laurdenetan aritzeko.