Gernika Atletismo Taldekoak gustura aritu dira Espainiako Kros Txapelketan
16 urtez azpikoen eta 20 urtez azpikoen mutilen taldeek lehiatu dute taldekako espainiar txapelketa. Gozatzea izan dute helburu, eta esperientzia ona izan dela azpimarratu dute.
Gernika-Lumo eta Arratzu artean lehiatutako Euskadiko Kros Txapelketaren emaitza onei esker, Gernika ATko atletak taldekako Espainiako Kros Txapelketan egon dira asteburuan, Sorian.
16 urtez azpikoen eta 20 urtez azpikoen mutilen taldeek lortu zuten txartela; lehenengoak bigarren geratu ziren Euskadikoan eta besteak hirugarren. “Urtero moduan, denboraldi honetan ere gure helburua euskal probetan postu onak lortzea izan da”, azaldu du Asier Odriozolak.
20 urtez azpikoak 38.en sailkatu dira Sorian eta 16 urtez azpikoak 42.en. Beste behin esperientzia ona izan dela azpimarratu dute entrenatzaile gernikarrak. “Espainiako onenak ikusten dira bertan eta onenen artean lehiatzea eta gozatzea da gure helburua”.
Selekzioagaz. Bestalde, bi aste barru selekzioen arteko bakarkako kros txapelketa lehiatuko dute Iruñean, eta Gernika ATko arduradunek iragarri dutenez, taldeko bi kide hautatu dituzte. Sorian egon den 16 urtez azpiko kategoriako mutil bat eta nesken 18 urtez azpikoen taldekide bat ariko dira euskal selekzioagaz.