Eskualdea bete dute mozorroek
Mota guztietako ekitaldietan parte hartzeko aukera eduki dute Busturialdeko bizilagunek.
Mozorroak jantzi eta kaleak kolorez bete dituzte Busturialdeko herritarrek. Eguen Zuri ospatuz hasi zituzten karnabal jaiak gernikarrek, eta dantza ikuskizunak izan zituzten asteburuan busturiarrek. Bermeotarrak, berriz, tostada txapelketan elkartu ziren atzo.
Inauteri eguenean ohikoa den legez, Eguen zuri ospatu zuten Gernika-Lumoko umeek. Elai-Alai dantzari taldeak eta Segundo Olaeta musika eskolak deituta, gozoki bidea egin zuten ikasleek, herrian zehar. Barikuan, berriz, 20.hamarkadaz jantzi ziren kale eta tarbernak, eta zapatuan Urdaibai Kantaguneko kideek kantuz bete zituzten kaleak.
Atzo, urtero legez, marroen desfilea eta erakustaldia egin zuten Foruen plazan, eta oilar jokoaren antzezpena izan zuten aukeran gero. Ikuskizunak bukatuta, tostadak jan zituzten bertaratu zirenek.
Asko izan dira asteburuan mozorroak jarri dituzten busturiarrak. Urtero legez, Atxurkulu Emakumeen Elkarteak antolatuta dantza ikuskizunak egon ziren zapatuan Altamirako kultur etxean. Ume zein nagusiek ondo pasatzeko aukera eduki zuten mota guztietako ikuskizunekin. Ondoren, dantzaldia izan zuten.
Atzo, berriz, lantzeko inauterien txanda izan zen. Irrintzi Alai Dantza Taldeko ume eta nagusiak kalejiran ibili ziren herritik.
Bermeon ez dago aratuste domeka, tostada txapelketa barik. Aurten, 31 tostada plater aurkeztu dituzte Alde Zaharreko Haitz Nagusije auzo elkarteak antolatutako txapelketara. Kabidxen batu ziren atzo goizean parte hartzaileak, eta urtero legez, ahiezko zein ogizko tostadak aurkeztu zituzten; 18 plater ahiezkoak eta 13 ogizkoak.
Ahiezko tostadarik gozoenak Rosa Marirenak izan ziren. Juan Luisek eta Pedrik egindakoek jaso zituzten bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren. Laugarren sari bat ere banatu zuten, Uxuentzako izan zen. Ogiz egindako tostadarik gozoenak, berriz, Edurne eta Nahiarenak izan ziren epaimahaiarentzat. Bigarren saria hartu zuen Juan Luisek, eta hirugarrena, berriz, Lourdes Zumetak. Laugarren postuan geratu zen, berriz, Ana Mari.
Originaltasunarentzako saria ere banatu zuten, eta Ana Marik eta Arantzak jaso zuten.