Iñaki Artolak eskola txikiei buruzko hitzaldia emango du Haizederren
'Eskola txikien indarra' hitzaldia barikuan emango du, 16:30etik aurrera.
Haizeder Handitzen guraso plataformaren eskutik, eskola txikiei buruzko berbaldia egongo da barikuan [otsailak 21], Natxituko Haizeder Eskolan.
Iñaki Artola irakasleak emango du Eskola txikien indarra hitzaldia, 16:30ean hasita. “Eskarmentu handiko” profesionala da Artola eta jakitera eman dutenez, orain arteko ibilbidean ezagututako beste eskola txikien esperientziak partekatuko ditu bertaratzen direnekin.
Horregaz batera, “zalantzak eta beldurra argitzeko zein asmo eta gogoak bideratzeko” tartea ere hartuko dutela zehaztu dute guraso plataformakoek.
Jakinarazi dutenez, bariku arratsaldean zaintza zerbitzua egongo da eta gogora ekarri dute eskolako sarreran iradokizunen kutxa bat dagoela, zalantzak, apustuak, proposamenak zein bestelakoak helarazteko.
Lehen Hezkuntza. Otsailaren 1ean Haizederren 10. urteurrena ospatu zuten eta hamarkada berrirako erronka garrantzitsua daukate esku artean. Eusko Jaurlaritzari Lehen Hezkuntza ezartzeko eskatu diote. Delegaritzako ordezkariekin batzartu zirenean baiezkoa jaso zuten, baina, oraindik zenbait kontu zehaztu behar dituztela adierazi zuten. Momentuz, Ea, Elantxobe eta Ibarrangeluko umeen zonifikazioa lortu dute.