Zabalik dago Bermeoko txakurgunea
Txakurrak aske ibili daitezke 1.200 metro kuadroko gune batean. Adubidxen kokatu dute txakurgunea.
Txakurgunea zabalik dago; barikuan zabaldu zituen ateak. Txakurrak aske ibili ahal izateko gunea da Bermeoko Udalak Adubidxen jarri duena.
Espazio berriak, gutxi gorabehera, 1.200 metro kuadro ditu eta hesituta dago, animaliak solte ibil daitezen. Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, txakurguneak ez dauka ordutegirik, hau da, txakurren jabeek 24 orduz erabili ahalko dute.
Espazio berriak mahaiak ditu, iturria, zakarrontziak eta txakurrentzako jolas ezberdinak. Txakurrak solte egon ahal badira ere, txakurguneak bete beharreko arauak ere badituela azaldu dute. Esaterako, animaliak identifikatuta egon beharko dira eta euren txertoak eguneratuta eduki beharko dituzte. Gainera, kontrolatutako txakurrak baino ezingo dira sartu.
Segurtasunagatik, bestalde, umeek eta txakur arriskutsu edo gaixoek sarrera debekatuta izango dute. Gainera, kalean bezala, jabeek animalien gorotzak bildu beharko dituzte. Txakurren kontrako tratu txarrak erabat debekatuta egongo direla zehaztu dute, eta animalien ardura jabeena izango da momentu oro.
Txakurgunea irekita, udal gobernuak agintaldi hasieran markatu zuen helburuetako bat bete du. Zerbitzu berri honek bizi kalitatea hobetzen lagunduko duela uste dute udal arduradunek.