Euskadiko txapelketaren 560 kiloko finalean bosgarren sailkatu da Murueta
Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa asteburuan amaitu dute, Nafarroan. Gizonezkoen 560 kilotan Ibarrarentzat izan da txapela. Emakumezkoen 500 kilokoan Badaiotz izan da txapelduna eta talde mistoen 580 kilokoan Beti Gazte.

Asteburuan amaitu dute Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa. Zapatuan eta domekan izan dituzte jardunaldiak, Muruetak, baina, zapatu arratsaldean lehiatu zuen aurtengo txapelketaren azken finala. 560 kilotan bosgarren sailkatu zen, Berriozarren. Ibarra nagusitu zen finalean, eta Beti-Gaztek eta Gaztedik osatu zuten podiuma.
Jon Eskibel Murueta taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, emaitza hain ona ez izan arren, egindako lanagaz pozik geratu dira. «Gure partetik ondo aritu ginen; taldeak ondo tiratu zuen eta egindako lanagaz gustura eta pozik geratu gara». Orokorrean, maila oso altua egon dela zehaztu du. “Ibarrak jende handia eta oso ona eroan zuen. Beti Gazte oso ondo hasi zen, baina lehen tiratzaileak huts egin zuen. Ez zen ondo egon eta utzi egin behar izan zuen . Hortik aurrera asko jaitsi zen taldea eta Ibarrak oso erraz irabazi zuen”. Berriozar eta Gaztedi ere oso gogor egon zela esan du, eta eurak “maila bat” behetik: “Ondo tiratu genuen eta postura egokiak mantduz, baina indar faltan egon ginen”.
Bestalde, emakumezkoen 500 kiloko kategorian Badaiotz izan zen txapelduna. Beti Gazte geratu zen txapeldunorde eta Txantrea hirugarren.
Atzo, berriz, talde mistoen txanda izan zen. 580 kiloko jardunaldi bakarra lehiatu zuten, Ezkarbarteko kiroldegian. Beti Gaztek jantzi zuten txapela eta Txantrea eta Ibarra bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Brontzea, 640 kilotan. Aurtengo Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan, Muruetako sokatiralariak behin igo da podiumera. 640 kilotan brontzezko domina irabazi zuten; Beti Gazte nagusitu zen eta Ibarra geratu zen txapeldunorde.
Aurten nahiko gaizki aritu direla eta zoritxar asko eduki dituztela aitortu du Eskibelek. Taldea egokitzea kostatu zaie eta min hartutakoen hutsunea asko igarri dute. “Orokorrean, gorabehera nahikogaz gaude. Gure artean giro oso ona dago baina blokea egiteko zailtasunak eduki ditugu”.
Datorren urterako egoera hobetzea espero dutela gaineratu du: “Aurten nik ere ezin izan dut parte hartu zoritxarrez eta datorren urtean sartuko naiz. Jon Loizaga ere bueltatuko da. Lehengo taldeki batzuk egotea onuragarria izango dela uste dugu”. Taldeak “arnasa apur bat” hartuko duela uste du: “Mentalki behintzat bai eta mentalki positibo joatea gauza handia sokatira talde batean”.