Goma gaineko Munduko Txapelketa jokatuko du Muruetak aste honetan
Eguenetik barikura Irlandako Letterkenny herrian jokatuko dute 2020ko goma gaineko Munduko Txapelketa. Euskal Herriko hamar taldek parte hartuko dute.
2020ko Munduko Goma Gaineko Txapelketa lehiatuko dute aste honetan, Irlandako Letterkenny herrian. Murueta Sokatira Taldetik hamalau tiralarik bidaiatuko dute bihar, “ahal duten guztia egiteko helburuagaz”.
Kluben arteko txapelketaren saioak eguenean eta barikuan izango dira eta zapatuan eta domekan jokatuko dituzte nazioen arteko kategoriak.
Egindako lanagaz gustora geratzea dute asmo Murueta taldekoek. 600 kilotan bi talde osatuko dituzte eta 560 kilotan talde bat. Eguen arratsaldean lehiatuko dute 560 kiloko saioa eta bariku arratsaldean 600ekoa.
“Kluben artean maila oso altua egoten da. Bajekin jarraitzen dugu. Iñaki Ugarte ez da ariko eta 560 kilokoan eduki dugun Ager Iturbe ere ez dator Irlandara. Baina, ahalik eta ondoen tiratuko dugu, galtzen bada ere, gustura geratu nahi dugu”, zehaztu du Jon Eskibel entrenatzaileak.
Eguenean hasiko bada ere, pisaketak bihar egingo dituzte. “Hemen ordu bat edo bi arinago pisatzen gara eta han egun bat arinago”.
Rojas bermeotarra. Euskal Herritik hamar talde ariko dira. Muruetaz gain, talde hauek izena eman dute: Gaztedi (Bizkaia), Badaiotz (Araba), Bizindar (Araba), Ibarra (Gipuzkoa), Antsoain (Nafarroa), Berriozar (Nafarroa), Beti-Gazte (Nafarroa), Txantrea (Nafarroa) eta Zuraide (Lapurdi).
Hain zuzen ere, Laukizko Gaztedi taldeagaz ariko da Erika Rojas bermeotarra. Talde horretan dauden Batirtze Ispizua eta Nestor Monasterio bermeotarrak ez dira Irlandan egongo, ezta Goizalde Aransolo muxikarra ere.
Nazioen arteko txapelketan, Euskal Herria zortzi pisutan lehiatuko da
Bestalde, selekzioen arteko lehiari dagokionez, Basque Countryk zortzi pisutan parte hartuko du.
Zapatuan seniorren lau kategoria lehiatuko dituzte. Goizean 680 kilotan ariko dira gizonezkoak eta 540 kilotan emakumezkoak. Arratsaldean, berriz, 560an lehiatuko dira gizonezkoak eta talde mistoa 580an ariko da.
Domekan goizean, gizonezko seniorren taldea 640an lehiatuko da eta 23 urtez azpikoen gizonezkoena 600 kilotan. Arratsaldean 600 kiloko saioa edukiko du gizonezkoen senior taldeak eta 500ekoa maila bereko emakumezkoenak.
Hamabi selekziok lehiatuko dute txapelketa. Euskal Herrikoaz gain, Ireland, Northern Ireland, Germany, England, Chinese Taipei, Scotland, Russia, Netherlands, Japan, Italy eta Nigeria ariko dira txapelketan.
“Guk barikuan amaitu arren, Euskal Herriak zer egiten duen ikusteko eta animatzeko geratuko gara taldeki batzuk”, dio Eskibelek.