Tala eta Aritzatxu batuko dituen pasealekuaren lehenengo fasea amaitzear dago
Lehenengo fasean egiten ari diren pasealekuak 300 metroko luzera eta 1,5 metroko zabalera izango du.
Aurrera doa Talatik Aritzaxu hondartzara joango den pasealekuaren proiektua. Bermeoko Udaletik azaldu legez, gutxi falta da lehenengo faseari amaiera emateko. Euskal Herriko Itsasertz Mugartea ari da lehen faseko lanak egiten, eta Bermeoko Udalarenak diren lurretan ari dira bidea egiten.
Lehenengo fasean egiten ari diren pasealekuak 300 metroko luzera eta 1,5 metroko zabalera izango du.
Bermeoko Udalak Tonpoia balioan jartzeko eta gune natural horri behar bezalako garrantzia emateko proiektua garatu zuen, eta proiektu horren zati garrantzitsua da Tala eta Aritzatxu hondartza lotuko dituen pasealekua.
Jakinarazi dutenez, lan horiek egiteko ez dute lurrik mugitu, eta espezie inbaditzaileak kendu dituzte, “ingurugiroa erabat zainduz”. Pasealekuak ez du argiteria artifizialik edukiko, ez eta hornigarririk (eserlekuak, paperontziak…) ere ez; izan ere, eremua “ahalik-eta naturalen mantendu” gura dute.
Laster, hortaz, bermeotarrek zein bisitariek “gune eder horretaz” disfrutatzeko aukera edukiko dute.