Guzan eta Bakio Bai plataformek bat egin dute Gaztelugatxeko aparkalekuaren aurka
SOS Gaztelugatxe plataformari protagonismoa eman gura diote eta eurekin lan egiteko prest agertu dira, "erakunde desberdinen artean irtenbide baten alde bitartekaritza lanak egiteko".
Bermeoko Guzan eta Bakioko Bakio bai herri plataformek jakinarazi dutenez, aurrerantzean elkarrekin lan egingo dute Gaztelugatxeko San Juanen Bizkaiko Foru Aldundiak egin gura duen aparkalekuaren aurka.
Diotenez, alarma soziala piztu da eta Internetez aparkalekuaren aurkako 100.000 sinadura baino gehiago batu direla gogorarazi dute. SOS Gaztelugatxe plataformari protagonismoa eman gura diote eta eurekin lan egiteko prest agertu dira, “erakunde desberdinen artean irtenbide baten alde bitartekaritza lanak egiteko”.
“Bizkaiko Foru Aldundiak alferrik gastatu gura duen milioi bat euroko dirutzaz gain, guztiona den ondarearen aurka egin gura dute, ingurugiroari kaltea eraginda, biztanleei iritzia emateko aukerarik eman barik eta kontutan hartu barik mendeetan Bermeo eta Bakio arteko lurretan bizi diren pertsonek sakratutzat daukatela paisaia hori”, azaldu dute.
Gaztelugatxe “guztiona” dela diote, “hala ere, egungo turismo explotazioaren eraginez paisaiak zentzua galdu du”. Gaztelugatxe kudeaketa “txar” baten eredua dela uste dute.
Bi plataformetako arduradunek “itxaropentsu” daude, Bizkaiko Foru Aldundiak aparkalekuaren proiektua uda ostean birplanteatuko duela esan baitu. Guzan eta Bakio bai plataformen iritziz, gizartearen presio sozialak eragina izan du aldundiaren erabaki horretan.