Duatloi zirkuituaren txapeldunak
Javi Goitia eta Inma Ruiz gernikarrak dira 2019ko Euskadiko Duatloi Zirkuituaren txapeldunak. Iazko denboraldiagaz pozik daude, eta aurtengo erronkak finkatuta dituzte.
Txapelak buruan eta hankak lurrean. Duatloi probetan gorenean aritu ziren iaz Inma Ruiz eta Javi Goitia gernikarrak. 2019ko Euskadiko Duatloi Zirkuituko txapeldunak dira, baina umiltasunez jantzi dituzte txapelak.
Lortutakoagaz pozik eta harro daude, eta irribartsu ailegatu dira hitzordura.
Duatloietan beteranoa da Ruiz, eta zortzigarrenez irabazi du Euskadiko zirkuitua: “Beti egon naiz lehen hiruren artean. Lautan izan naiz txapeldunordea, eta bitan hirugarren amaitu dut”. Zirkuitua irabaztea “erregulartasunari eta jarraitutasunari” ematen zaion saria dela argi dauka: “Ez da onenak garelako. Sei proba izan ziren; lau Bizkaian eta bi Gipuzkoan, eta horietan pilatutako puntuengatik gara txapeldunak. Ez nuen irabazterik pentsatzen, baina lehen postuan aurretik neukanak ez zuen azken duatloia lehiatu beste txapelketa batean zegoelako, eta, beraz, nik lortu nituen puntu gehien azkenean. 5-7. postuen artean amaitu nituen ia denak, eta Erandiokoan podiuma lortzea izugarria izan zen niretzat. Azken proba izan zen hura, eta asko gustatu zitzaidan”.
Lehenengoz txapeldun
Zirkuitua irabaztea zen Goitiaren helburua eta ilusioa. Lehenengoz jantzi du txapela. 2014an pare bat duatloi egin eta 2015ean zirkuitu osoa egin zuen. Denboraldi batez, behintzat, zirkuitua albo batera utziko du, eta hori buruan edukita, iaz zapore gozoagaz gero arte esatea zen bere asmoa: “Inoiz irabazi barik neukan, eta iaz hori izan zen helburua. Urte batzuetan duatloia edo behintzat zirkuitua alde batera utziko dut. Zirkuituan lasterketa asko dira denbora gutxian; ia astebururo dira. Duatloian arreta jarrita egonda, amaitzean oso nekatuta zaude, eta beste proba batzuekin uztartzea kostatu egiten da. Badakit datozen urteotan batzuk egingo ditudala, baina guztiak ez. Gerta liteke urtean bat edo bi egitea edo batere ez”.
Sei probetatik bost egin zituen iaz, eta podiumaren lehia horretan egoteagatik pozik eta gustura amaitu zuen. Denboraldiko helburua lortzeko bazekien lasterketetan lehen bosten artean egonez gero, lortu zezakeela, eta horrela izan zen.
Bihar Erandion hasiko dute 2020ko zirkuitua, eta gernikarrak ez dira bertan egongo. Ruizen Bilbaotri taldea da antolatzailea. “Sabadelera noa Durangoko Kirol Taldeagaz Lehen mailako Kluben Master Txapelketa lehiatzera. Lehen mailan irautea dute jokoan, eta laguntzera noa. 3.000 m-ko lasterketa egingo dut. Pista estalian da, eta bakoitzak proba bat egin, eta denon puntuak batzen dira”.
Aurtengo denboraldia
Mungian lehiatuko du aurtengo lehen duatloia, otsailaren 29an: “Duatloiekin eta herri lasterketekin jarraitzea da aurtengo helburua. Iazko denboraldia atera zitzaidan bezain ondo ateratzea gura dut. Denboraldi hasiera besterik ez da, eta ez dakit zer egingo dudan. Probak egin ahala ikusten da zelan zauden eta zer lortu gura duzun. Baina zirkuituaren sailkapenean goian egotea beti da helburua”. Txapelduna izatea helburu badu ere, gero eta zailagoa dela uste du: “Printzipioz parte hartu eta ondo amaitzea da asmoa; postua ikusiko da amaieran. Erregularra izatea da gakoa”. Gainera, lasterketa “bitxiagoetan” parte hartu gura du aurten, “zerbait desberdina egin”.
Goitiarentzat, berriz, mendiko probak dira erronka: «Mendi lasterketetan aritzea da aurten helburua. Arrolape etxeko taldeagaz federatu naiz, eta kirol mundu berri bat probatzeko ilusioa daukat. Hori da motibazioa». Euskal Herriko mendi lasterketan parte hartuko du. Baina hemendik kanpo lehiatuko du lehen proba; Asturiasen, Candas herrian egingo du otsailaren 29an. “Anaiagaz asteburu pasa joan eta kirolaz gozatzea da asmoa. Lehia eta distantzi berri batean zelan moldatzen naizen ikusiko dut”. Dioenez, aurten ez dauka helburu zehatzik: “Lana dela eta, ez daukat egutegi finkorik; ahal dudanetan ariko naiz. Urdaibai Kopako batzuk egiteko asmoa badaukat, baina helburua orokorrean mendiko lasterketak egitea da”. Zegama-Aizkorrin parte hartzea da aspalditik daukan ametsa: “Baina dortsala egokitzeko zorte handia behar da, eta oso ona izan behar zara dortsala irabazteko. Momentuz ez dut uste posible denik, baina, behintzat, inguruko lasterketetan parte hartu eta nire gorputza probatu gura dut”.
Kirol ibilbidearen hasiera
Atletismoan Allende Salazar ikastetxean eman zituen lehen pausoak, “zortzi bat urtez” aritu, eta gero futbolean jokatzen hasi zen: “Gasteizen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak (IBEF) ikasten nenbilela, Gernika Atletismo Taldea sortu genuen, eta gaur arte”.
Ruizek, ostera, txirrindularitzan hasi zuen kirol ibilbidea, eta 1994an Gernika-Lumon egin zuen bere lehen duatloia: “Bizikletagaz kilometro askoko lasterketak egitera ohituta nengoen, eta gero herri krosetan hasi eta ondo moldatzen nintzela ikusi nuen. Etxean zelako animatu nintzen, eta ondo atera zitzaidan, uste baino hobeto. Ez nuen inor ezagutzen, eta Espainiako txapelduna gainditu nuela esan zidaten”. Oso gustura aritu zenez, jarraitzea erabaki zuen, eta ordutik, gogotsu segitzen du: “Gauza ezberdinetan parte hartzea gustatzen zait”.
Espainiako Txapelketara bitan joan eta bietan hirugarren geratu zen: 97an (Polancon) eta 98an (Madrilen). “Gustura aritu eta podiumera igotzea itzela da. Esfortsuak saria daukala ikusten duzu”. Lehen postuak lortzea, txapelak eta dominak pilatzea beti da pozgarria, baina Gernika-Lumoko Munduko Txapelketa bere ibilbideko momenturik berezienetakoa dela azpimarratu du: “97an egin zuten, eta oroitzapen oso ona daukat. Herrian giro itzela sortu eta ibilbidea ere polita izan zen. Herrialde askotako atleta onenekin aritzea ohorea izan zen. Gainera, postu ona lortu nuen; Espainiako selekzioagaz lehiatu eta 19. amaitu nuen. Garai hartan oso ondo aritu nintzen”.
Lehen hogeiren artean amaitu zuenez, hurrengo urtean Alemanian lehiatzeko aukera eduki zuen. “Han 20. amaitu nuen, baina politena zugaz kontatzen dutela ikustea da. Garai hartan bizikletan asko aritu eta korrika ere ondo moldatzen nintzen. Ez nintzen hain gaztea, 35-36 urte nituen, baina maila altua neukan”. Hasi zenean baino gaur egun emakumezko gehiago ari direla dio.
Krosa, etxean
Goitiak eta Ruizek Euskadiko Kros Txapelketan topo egin dute oraintsu. Gernika-Lumo eta Arratzu arteko zirkuituan beroa izan zuten arerio, eta haren eragina nabarmendu dute. “Beroa txarto eroan nuen, oso gogorra eta luzea egin zitzaidan. Basatza gehiago egotea eta lasterketa astiroagoa izatea nahi nuen. Oso siku egon zen dena; lasterketa arina izan zen. Baina taldeka laugarren egitea eta giro polita egotea pozgarria izan zen. Jende asko egon zen ikusten”, azaldu du Goitiak.
Gernika Atletismo Taldearentzat erronka eta apustu handia zen antolatzea, eta emaitzagaz oso pozik daudela dio: “Ez dugu halako krosik inoiz antolatu, lehenenego biderra izan da. Lan handia egin du klubak, eta batez ere Karlos, Hunberto, Josu eta abarrek. Ez bakarrik txapelketaren asteburuan, aurreko hilabeteetan ere bai. Egunean bertan jendea oso pozik joan zen, eta asko gustatu zen, eta niri eta klubari hori esan digute inguruko lagunek zein lasterketan parte hartu zutenek. Antolakuntza aldetik proba oso ondo irteteagatik, herrian korritzeagatik eta hainbeste animo jasotzeagatik pozik nago”. Ikusleen animoak gogoratuta, egun polita izan zela zehaztu du Ruizek: «Jende asko egon zen animatzen. Beti aurrera begira joaten naiz, baina animoak entzuten ditut, eta asko egiten dute”. Zirkuitu polita izan zela gaineratu du: “Baina hankak asko kargatzen ziren, korrika egiteko ez zen erosoa. Nahiz eta aldaparik ez eduki, orokorrean jendeak esan zuen zirkuitu gogorra zela. Uste dut beroak gogorragoa egin zuela. 8,5 km izan ziren, eta, egia esan, azken itzulia sobera eduki nuen. 27. amaitu nuen. 48k amaitu genuen, eta bederatzi erretiratu ziren. Taldeka seigarren amaitu genuenez, ez ginen Espainiako Txapelketara sailkatu”.
Hotzagaz gusturago
Korrika egiteko hotza gustatzen zaiela diote, eta alde horretatik, Bizkaiko Kros Txapelketan hobeto sentitu ziren. “Hotza eta basa asko egon zen, niri gustatzen zaidan moduan. Kros gogorra zen, baina beste zentzu batean; lokatza, indarra, hotza… Oso ondo aritu nintzen. Pila bat gozatu nuen. Imanolegaz lasterketako zati bat egin ahal izatea eta Oier Ariznabarreta eta David bezalako kroseko onenekin behintzat buelta batzuk ematea gozamena izan zen”, dio Goitiak.
Zirkuituaren ezaugarrien aldetik ere guztiz desberdina izan zela aitatu du Ruizek: «Bi parte eduki zituen; lehena laua eta zig-zag-ekin, eta bigarrena menditxo baterako igoeraren antzekoa zen. Dibertigarria izan zen. Dena leuna izatea ez zait gustatzen; igoerak egotea gustuko dut, beherantza joatean errekuperatu egiten naiz eta”. Sopelako Munarri Atletismo Taldekoa da, eta taldekakoan podiumean sartu ziren; brontzezko domina irabazi zuten. “Ondo aritu ginen. Sentsazio onekin eta tenperatura freskoagaz, niri gustatzen zaidan moduan. Lokatza egon zen eta entretenigarria izan zen”.
Euskadiko Kros Txapelketa edota Bizkaia Triatlon bezalako probak eskualdean antolatzea pozgarria dela uste badute ere, oro har, atletismoa sustatzeko beharra begi-bistakoa dela diote. Goitiaren berbetan, garrantzitsuena da herrira halako ekitaldiak ekartzea eta kirola sustatzea; “futbolaz gain, halako kirolak” badaudela erakustea. “Gernikan gaur egun halako kirol ekitaldi bat herrigunean antolatzea udalean ez dago ondo ikusita; penagarria da. Nahiz eta askotan udaletik ez dugun laguntzarik jasotzen, behintzat oraingoan Arratzuk eta beste enpresa txiki batzuek gugatik apustua egin dute Euskadiko Krosagaz. Itzela izan zen, eta jende asko batu zen. Ea halakoak beste urte batzuetan egiteko laguntza gehiago lortzen dugun. Urtero krosen bat antolatzea posible izatea edo Gernikako duatloia galdu den moduan, berriro berreskuratzea lortzea pozgarria eta onuragarria litzateke”.