Txitxiburduntzian batuko dira eskualdeko herritarrak
Euskal Herriko usadio zaharrak bizirik dirau Busturian, Errigoitin, Foruan, Lumon eta Muruetan. Hala, txitxiburduntzia egiteko batuko dira asteburuan.
Kandelario, San Blas eta Santa Ageda jaiei lekukoa hartuko diote aratusteek hurrengo asteko zapatuan. Lehenago, baina, Busturialdeko zenbait herritan txitxiburduntzi eguna ospatuko dute asteburu honetan.
Euskal Herriko usadio zaharrak bizirik dirau Busturian, Errigoitin, Foruan, Lumon eta Muruetan. Garizuma aurretik egiten zen ospakizuna lehen, karnabalen aurreko igandean. Tradizioak dioenez, egun horretan mendira joaten ziren herritarrak, sua prestatu eta zotz batean iltzaturiko haragiak, txorizoak, txistorrak edota beste txerrikiak sutan erretzeko.
Ohitura horrek bere horretan dirau eskualdeko zenbait herritan, eta beste batzuetan, berriz, aratuste domekan ospatuko dute.
Domekan Lumon elkartuko dira gernika-lumotarrak, eta txitxiburduntzia egiteaz gain, umeen jolasak izango dituzte aukeran bertaratzen direnek. Foruarrek, berriz, Baldatikako txokoan jarri dute hitzordua, eta bertara joateko udaletxe aurrean geratu dira. Parte hartu gura dutenek bere ogia eta txorizoa eraman beharko dutela jakinarazi dute arduradunek. Halaber, txokolatea ere egongo da aukeran. Muruetatarrek eskolako aparkalekuan ospatuko dute txitxiburduntzi, eta Briska txapelketa egingo dute eskolan.
Mendi irteerak. Mendian ospatuko dute txitxiburduntzi eguna errigoitiarrek, busturiarrek eta lumotarrek. Domekan Errigoitiko Eleizaldetik hasita bi ibilbide egingo dituzte; luzea eta laburra. Luzea egitea erabakitzen dutenek hamahiru kilometroko ibilbideari egin beharko diote aurre, eta laburrekoek, berriz, zazpi kilometroko bideari. Denak ala denak, Bizkaiganen elkartuko dira sua piztu eta mokadutxoa jateko.
Gernika-lumotarrek eta busturiarrek ere mendi martxak egingo dituzte otsailaren 23an eta 24an.
Lehenengoak 8 kilometro inguruko bidea egin ostean iritsiko dira Lumora, bertako txokoan txitxiburduntzia egiteko. Goizale Mendi Taldeak antolatu du irteera, eta txorioza eurek eramango dutela aurreratu dute. Ibilbidean parte hartzeko aurretiaz eman beharko da izena, eta hori egiteko azken eguna da otsailaren 20a. Eguenean 20:00etatik 21:30era Goizale elkartean eman ahalko da (Pedro Elejalde 8). Hurrengo telefono zenbakietara deituta ere apuntatu daiteke: 94 625 84 78 edo 636 64 67 23.
Busturiarrak, berriz, Paresira joango dira. Altamiratik aterako dira ibilbide luze zein laburrekoak, eta Paresin egingo dute txitxiburduntzia. Musikariek girotuko dute egonaldia.
Busturia
Astelehena, otsailak 24.
-09:00. Mendi martxa luzea Altamiratik hasita.
-11:30. Mendi martxa laburra Altamiratik hasita.
-13:00. Musika eta txitxiburduntzia Paresin.
Errigoiti
Domekan, otsailak 16.
-09:15. Hamahiru kilometroko martxa luzea Elizaldetik hasita.
-10:30. Zazpi kilometroko ibilbide laburra Elizaldetik hasita.
Forua
Domekan, otsailak 16.
-17:30. Baldatikako txokora oinez igotzeko ordua udaletxe aurrean.
-18:30. Baldatikako txokoan txitxiburduntzia. Gero, txokolate jana egongo da.
Gernika-Lumo
Domekan, otsailak 16.
-17:00. Txitxiburuntzi eta umeentzako jolasak Lumoko plazan.
Murueta
Domekan, otsailak 16.
-18:00. Txitxiburduntzia eskolako aparkalekuan.
-19:30. Briska txapelketa eskolan.