Maitasun erromantikoaz hitz egingo dute bihar Kultur Etxean
Valentin eguna dela aprobetxatuta, hitzaldia eta tertulia antolatu dute Busturialdeko neska gazteek biharko; 19:00etan Gernika-Lumoko Kultur Etxean jarri dute hitzordua.
Duela hilabete hasi ziren batzen Busturialdeko neska gazteak, eta lehenengo ekintza egingo dute bihar, San Valentin eguna dela aprobetxatuta.
Hitzaldia eta tertulia antolatu dituzte biharko, eta 19:00etan Gernika-Lumoko Kultur Etxean jarri dute hitzordua. San Valentin egunak “exprimituta” dituela salatuko dute. “Neska gazte modura, guk ditugun problematikak lantzea da helburua, eta bagabiltza horretarako lanean”, adierazi dute neska gazteek.
Hori horrela, lehenengo saio honetan maitasun erromantikoaz eta harremanez hitz egingo dute. Gero, herri apainketa egiteko materialak prestatuko dituzte bertaratzen direnek, eta 20:30etan kalera aterako dira herria apaintzera.
Topaketak. Duela hilabete hasi ziren Busturialdeko neska gazteak euren artean antolatzen, “betiere Gernikako Sare Feministaren parte izanda eta elkar elikatu asmoz”.
Hala, Busturialdeko mugimenduak Euskal Herriko mugimenduagaz bat egin du. Lehenengoz, urrian, Lizarran batu ziren Euskal Herriko neska gazteak, abenduko V. Jardunaldi Feministei gazte ikuspegitik heltzeko asmoagaz.
Topaketa horien helburu nagusia neska gazteen artean “saretzea eta indartzea” zen. Horrez gain, emakumeen azken urteetako ibilbideei begiratzeko, autodefentsa feministaren inguruan hausnartzeko, hezkuntzari buruz, sare sozialei buruz… eztabaidatu zuten.
Egitaraua:
– 19:00. Hitzaldi tertulia Kultur Etxean
– 20:00. Material prestaketa Kultur Etxean
– 20:30. Herri apainketa Pasealekutik hasita.