Zurrumurruen aurkako formazio saioak egingo dituzte Gernika-Lumon
Bi saio egingo dituzte. Lehenengoa teorikoa izango da, eta bigarrena, berriz, praktikoagoa. Martitzenean (otsailak 18) 19:00etatik aurrera Kultur Etxeko Maria Agirre aretoan jarri dute hitzordua.
Zurrumurruen Aurkako Sareak, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bultzatuta, bi saio prestatu dituzte otsailerako.
Lehenengo saioa teorikoa izango da, eta bigarrena, berriz, praktikoagoa. Martitzenean (otsailak 18) 19:00etatik aurrera Kultur Etxeko Maria Agirre aretoan egingo dute lehenengoa, eta bertaratzen direnek estereotipoek eta zurrumurruek esparru juridukoan duten eragina aztertuko dute Susana Cuesta abokatuagaz batera.
Bigarren saioa, berriz, otsailaren 22an izango da Astran, eta bitan banatuko dute jardunaldia. 10:00etan Andrean Ruiz antropologo sozialak Kategorien eraikuntza kulturala: arraza eta kultura saioa zuzenduko du. Ordu eta erdiko saioa izango dela aurreikusi dute antolatzaileek.
Gero, Matiz asoziazioko kideekin batera, zurrumurruen kudeaketarako komunikazio eta emozioen estrategiak izango dituzte ardatz. 12:00etan jarri dute ordua, eta saio hau ere, ordu eta erdikoa izango da.
Izen-ematea. Antolatzaileek herritar eta eragileei formakuntza saioetan parte hartzeko deia egin diete, migrazioari buruzko zurrumurruekin eta egi-erdiekin bukatzeko. “Herritar guztientzat edota talde eta eragileentzat interesgarriak izango diren saioak dira”, adierazi dute.
Saioetan parte hartu gura dutenek aurretiaz eman beharko dute izena, eta hori hurrengo helbide elektronikora idatzita egin behar da: urdaibaiongietorri@gmail.com.