Arkupeko Jesus Manuel Madariaga omenduko dute
Urrian 40 urte bete ziren Arkupe Pilota Taldea sortu zutenetik, eta sorreran egon zen Madariaga.Eta orain dela 40 urte luze horietan egindako lana saritzeko ordua diote.
Jesus Manuel Madariaga Gernika-Lumoko Arkupe Pilota Taldeko Ohorezko presidentea omenduko dute bihar gaur egungo eta lehengo pilotariek.
“Unai Iglesias Baikoko presidenteak eta guk Jesus Manuel omentzea pentsatu genuen, eta hala egingo dugu”, adierazi du Ager Iturbe Gernika-Lumoko pilota taldeko presidenteak.
Urrian 40 urte bete ziren Arkupe Pilota Taldea sortu zutenetik, eta sorreran egon zen Madariaga. Eta orain dela 40 urte luze horietan egindako lana saritzeko ordua diote: “Urte asko daramatza pilotaren munduan lanean; bereziki Arkupe Pilota Taldean. Gernikari asko eman dio bere lanak eta horrek saria merezi duela pentsatu dugu”.
Besteren artean, udalerrian pilota berpizteko egindako lana eskertuko diote: “Eskualdean beste toki batzuetan baino gutxiago jokatzen da pilotan, eta Madariagak asko egin du pilota berpiztearen alde”.
Orain dela momentua diote, Eskuz Binakako Txapelketa udalerrian jokatuko dutelako. “Horrelako txapelketa batek herriko jendea erakartzen du, eta momenturik aproposena da”, adierazi du Iturbek.
Hori horrela, Txapelketako partidu nagusia hasi aurretik egingo diote omenaldia. Lehengo eta gaur egungo pilotariak batu, eta ohorezko bidea egingo diote, gero, oroigarriak emateko. Oroigarriak Arkupe Pilota Taldekoek, Baikokoek eta bere lagunak diren pilotari ohiek emango dizkiote. Horiez gain, txistulari eta dantzariak ere egongo direla aurreratu dute antolatzaileek.
Bertaratzen direnen artean, gainera, Unai Iglesiasek Baikotik ekarritako bi kamiseta ere zozketatuko dituzte.
Partiduaren ostean, jaiak frontoitik kanpo jarraituko du.