600 kilo batu dituzte Ekoetxea Urdaibaiko bilketa solidarioan
Erabilitako jostailuak eta arropak bildu ditu Busturiko zentroak.
Herritarren solidaritateari esker, beste urte batez, gehitu egin da Ekoetxea Urdaibaiko bilketa solidarioan batutakoa. Bilketa solidarioaren gunea urtarrilaren 23an zarratu zuten, eta zenbaketa egin ostean, guztira, 600 kilo batu dituzte; horietatik, 400 kilo jostailuak izan dira eta 200 kilo arropa.
Ekimenak helburu bikoitza duela diote; alde batetik, kolektibo behartsuenekiko laguntza eta solidaritatea adieraztea, eta bestetik, batzuentzat erabilgarriak ez diren materialak birziklatzea eta berrerabiltzea.
Busturian batutakoa irabazi asmorik gabeko Koopera Ingurumen Zerbitzua elkarteak jaso du. Koopera giza ekimena sustatzen duen kooperatiba eta enpresa taldeak osatzen dute. Aipatu elkarteak ingurumen babesa eta giza berrikuntzaren inguruko ekintzak sustatzen ditu, eta era berean, bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsona horien laneratze eta gizarteratzea bilatzen du.
Ekoetxea Urdaibaik eskerrak eman gura dizkie solidaritatea agertu duten guztiei.