Gernika-Lumoko puzzlea osatzen hasiko da EH Bildu
Denena den Gernika-Lumon, legegintzaldi honetako EH Bilduren plangintza irudikatzeko 'Danona' parte hartze prozesua amaituta, otsailaren 15ean lehen lan batzarra egingo dute. Ekarpenak egiten bertaratzeko gonbidapena luzatu dute.
Gernika-Lumoko EH Bilduk azaroan hasi zuen Danona parte hartze prozesua eta atzo iluntzean amaiera ekitaldia egin zuten Merkurio parean. Zarratu bai, baina ez dela ezer amaitzen adierazi zuten, datorren guztiaren abiapuntua delako. “Gaur berriro hasiko gara”.
Denena den Gernika-Lumon, legegintzaldi honetako EH Bilduren plangintza irudikatzen hasteko helburuagaz lan saioak egin dituzte. Azaroan hasi ziren eta abenduan bigarren asanblada eginda eman zioten jarraipena. “Poztekoa da hainbeste jende ezberdin topatu izana. Parte hartzea egonda”, esan du Leire Gonzalez zinegotziak. Jendea parte hartzeko gogoz dagoela ikusi dute, eta horrek ilusioz bete dituela nabarmendu dute. Ainhoa Iturriarte zinegotziak azaldu zuenez, “etorkizunari begira lan egin gura badugu denok batera egotea beharrezkoa da. Ezberdinen artean egitea derrigorrezkoa da, ezinbestekoa”.
Jose Ramon Bilbao zinegotziak atzo gogora ekarri zuen ideia berdintasunik eza, berritasuna eta aldaketa izan zirela euren kanpainaren ildo nagusiak: “Baina aldaketa norako? Gernikak gura duen lekura. Ez genuen eskaini ezer itxirik; gauzak beste era batera egiteko modua eskaini genuen. Oso pozik geratu ginen jende askok ulertu zuelako mezu hori; askok bereganatu zuten. Asmatu egin genuela uste dugu. Jende desberdin asko etorri eta batu zitzaigun gure ideiara. Momentu horretan pentsatu genuen hau ezin genuela galtzen utzi. Batu genuen energia hori ezin genuela galtzen utzi. Altxor hau ezin dugu galdu. Aldaketa hori egiten jarraitu behar genuela pentsatu genuen, eta aldaketa horrek ezin zuela itxaron beste lau urtez”.
Jende berria etortzeak beste ikuspuntu bat eman zietela zehaztu zuen Bilbaok: “Aurreko legegintzaldian eduki genuen etxe horren barruko konfrontazioa baztertu egin genuen, eta herriari begirada bota genion. Pentsatu genuen horrela benetakoak izango diren proiektu batzuk asmatu eta bideratu ahal izango ditugula”. Nonbaitetik hasteko hausnarketa horretan, Gernika-Lumo puzzle baten moduan imajinatu zuten. Eta beste forma bat emateko puzzlea desmuntatu egin zuten. Bi lan saio egin dituzte eta horietan askotariko herritarrak biltzea pozgarria izan dela deritzote. Puzzlea moldatzen zein piezetatik hasiko diren aztertu dute saioetan. Zein piezekin hasi erabaki dute.
Orain, beraz, pieza horiek betetzen eta pieza horiekin Gernika-Lumoko puzzlea osatzen hasi behar dira: “Horregatik esan dugu hemen ez dela ezer amaitzen; hau hasiera baino ez da. Prozesua gaur amaitzen da, baina beharra datorren astean hasten da”. Horretarako lan taldeak osatuko dituzte. Gai bakoitzean adituak direnei edota iritziak zein ekarpenak egin gura dituenei parte hartzeko gonbidapena luzatu diete, eta datorren asterako jarri duten lehen hitzordua. Otsailaren 15ean [zapatua], 11:00etatik aurrera, Pasealekuan egingo dute lehen lan batzarra.
Udalerriko puzzlea zelan osatuko duten irudikatu zuten atzo, eta horrekin batera, musikaz lagunduta, batzarretan parte hartzearen garrantzia azpimarratu eta euren hausnarketa partekatu zuten: Bizitza puzzle amaigabe bat baino ez da. Puzzle horretan hutsuneak ditugu forma eta erpin ezberdinetako piezek bete ditzaten. Ez baitago sortzeko dagoena baino ahaltsuagorik; ohial zuria margotzea bezalakorik. Bizitzako puzzlean gu geu ere pieza gara. Pieza, atal. Herri honen zati. Eta batuz eta elkarbanatuz ematen diogu forma guztiona den horri. Guztiona dena baita denona. Danona. Gu ere pieza gara. Antzekoak eta ezberdinak. Kamutsak zein zorrotzak. Baina berdin baliotsuak, esnarazteko gu guztion ardurak. Gorpuzteko kaleotan behar ezberdinak. Beharretatik erditzeko denontzat aukerak. Gutako bakoitza pieza da. Atal. Ale. Herri honen zati. Bakoitzarenak osatuko duelako guztiok gura, behar eta landuko dugun herria. Gutariko bakoitzak egingo duelako danona. Zorionekoak gu ez baitago egitekoa duguna bezain ederrik.
“Gurelako alderdi batek aldatzeko beharra edukitzen du beti. Etengabe bere helburuak berraztertzeko beharra eta etengabe bere sena berrasmatzeko beharra. Eskumak bere helburuak, senak eta norabideak beti ditu oso argi. Gu zalantzakorragoak izaten gara. Hori ez da desabantaila bat. Ez da ahulgune bat; indargune bat da. Norabidez aldatzea baimentzen gaituelako; norabide desberdinak hartzeko, berriro helburuak eta bidea berraztertzeko”, azaldu zuen Bilbaok.