Ligaren azken txanpan kemena erakutsiz
Emakumezkoen Euskal Ligan hiru jardunaldi geratzen zaizkie denboraldia amaitzeko. Eider Elordi kapitainaren berbetan, "liga sentsazio onekin amaitzea" da euren asmoa.
Emakumezkoen Euskal Ligan, Gernika Rugby Taldeak lehen lauren artean amaitu zuten lehen fasea, eta orain lau horien artean ari dira bigarren fasean. Talde gernikarragaz batera, Getxo RT, La Unica Rugby eta Landabaso daude multzo berean. “Lehen fasea hirugarren amaitu genuen, Getxo eta La Unicaren atzetik”, zehaztu du Eider Elordi kapitainak.
Gabonen ostean hasi zuten bigarren fasea, eta sailkapenean hirugarren daude. “Gorabeherak egon diren arren, ondo goaz. Denboraldia aurrera doa, eta lesioak igartzen ari gara, baina gogoz gaude eta ea jendea apurka-apurka errekuperatzen den fase hau ondo amaitu ahal izateko”.
Aurreko asteburuan Landabasoren kontra jokatu zuten Hernanin eta 5-17 nagusitu ziren. Asteburu honetan Getxoren kontra jokatzekoa zen partidua hurrengo asteburura atzeratu dute. “Landabasoren kontra pare bat jokalari lesionatu ziren. Hainbat jokalari ditugu egoera horretan, baina lesioak luzerako ez izateko esperantza daukagu. Espero dugu hainbat arinen denok elkartzea”.
Getxo liderraren kontrakoa partidu gogorra izango dela uste dute, baina “gogotsu eta dena emateko gogoagaz eta indarragaz” daude. Liga lehen hiruren artean amaitzea dute helburu: “Badakigu bai Getxo eta baita La Unica ere oso talde gogorrak direla, baina gutxienez, liga sentsazio onekin amaitzea da gure asmoa. Momentu honetan Getxo nahiko nagusituta dabil, baina La Unicari irabaztea posible da. Beraz, bigarren amaitzeko aukerak ere baditugula uste dugu. Halere badakigu, lesioek taldea baldintzatzen dutela eta partidu bakoitza mundu bat dela”.
Martxoan liga amaitu. Hiru jardunaldi geratzen zaizkie liga amaitzeko, eta ondoren, zazpiko txapelketak jokatzea aztertuko dute. Getxoren partiduaren ostean, La Unicaren zelaia bisitatuko dute eta Urbietan amaituko dute liga, Landabasoren kontra.