Tostada txapelketak egin dituzte Bermeon eta Busturian
Busturiko tostada gozoenak Jabier Zalduarenak izan ziren, Demikuko gozoenak, berriz, Sara Martinenak. Demikun datorren domekan egingo dute Demikuko XIII. mendi martxa.
Ohiturei eutsita, atzo, Kandelario Egunean tostada txapelketak egin zituzten Busturian eta Bermeoko Demiku auzoan.
Beste urte batez, ume, gazte eta nagusiak erakarri zituen Busturiko tostada txapelketak. Eguraldi onagaz, Axpeko elizpean batu ziren parte hartzaileak zein herritarrak. 10 parte hartzaile aurkeztu ziren txapelketara; eurek etxean egindako ahiezko tostadadak aurkeztu zituzten, hain zuzen ere. Aurten, Jabier Zalduak jantzi du txapela; epaimahaiarentzat Zalduak egindako tostadak izan ziren gozoenak. Bigarren saria Josefina Arrospidek jaso zuen, eta hirugarrena, berriz, Pedro Pedrazak.
Aurten, iaz ez bezala, eguraldia lagun izan zuten eta giro ezin hobea egon zela azaldu dute antolatzaileek. Sari banaketa egin ostean, kandelak hartu eta kandelario abestu zuten bertaratutakoek.
Bermeoko Demiku auzoan ere kandelario ospatzen dute, eta jaien baitan egiten dute urtero tostada lehiaketa. 9 auzokidek parte hartu zuten, eta Sara Martinek egindakoak izan ziren gozoenak. Maite Anasagastirentzat izan zen bigarren saria eta Izaskun Ortuzarrentzat hirugarrena. Irabazleek Milagros Orbe Demikuko alkatearen eta Bermeoko alkate Aritz Abaroaren eskutik jaso zituzten sariak.
Auzokideez gain, hainbat izan ziren auzora bertaratu ziren herritarrak ere. Txupinagaz hasi zuten atzo jai eguna, eta jarraian, umeek jokoekin ondo pasatzeko aukera eduki zuten. Meza entzun ostean, berriz, bertaratutakoentzako luntxa egon zen.
Oraindik, baina, ez dira jaiak amaitu Demikun. Datorren domekan, hilaren 9an, Demikuko XIII. mendi martxa egingo dute.
Beste behin ere, bi ibilbide daude aukeran. 25 kilometrokoa egiteko 08:30ean abiatuko dira baselizatik; 200 parte hartzailetako muga dago. 10:00etan irtengo dira martxa laburrekoak eta 12 kilometroko ibilbidea egingo dute; 100 parte hartzailetako muga jarri dute.
Martxan parte hartu gura dutenek demikumartxa@hotmail.es helbide elektronikora mezua idatzi beharko dute. Izen-abizenak, NAN zenbakia, harremanetarako telefono zenbakia, posta elektronikoa eta ibilbide luzea edo laburra egingo duten zehaztu behar dute izena ematen dutenek. Otsailaren 7a izango da aurretiaz izena emateko azken eguna.
Martxaren egunean bertan ere izena eman daiteke, hala ere, aldez aurretik izena ematea aholkatu dute antolatzaileek, “kopuruak mugatuak baitira”. Demikuko martxari buruzko informazio guztia martxaren blogean jaso daiteke.
Urtero egin legez, Demikura oinez joateko deia egin dute, Bermeotik 1,5 km dira. Kontrol mahaia Demikuko baselizan egongo da irteera emateko. Irteera eman aurretik, derrigorrezkoa da bertara hurbiltzea, antolatzaileek zenbakia emateko eta banketxeko ordainagiria aurkezteko. Arropak edota motxilak baseliza barruan uzteko aukera egongo da. Baina, horretarako, aldez aurretik antolatzaileei esatea beharrezko da.