'Oroimenerako binetak' erakusketa ikusgai dago Bakearen Museoan
Gerra sosoian Bilbo inguruko argitalpenetan kaleratutako binetak biltzen dituen erakusketa inauguratu dute. Uztailaren 5a bitartean egongo da ikusgai.
Gernika-Lumoko Bakearen Museoak Oroimenerako binetak izeneko erakusketa inauguratu du. Aurkezpen ekitaldian izan ziren erakusketaren komisarioak ere: Aline Soberon eta Txema Uriarte. Hain zuzen, 36ko Gerrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan iraun bitartean, Bilbo inguruko argitalpenetan kaleratutako binetak biltzen ditu erakusketa berriak.
Ikerketa sakon baten emaitza dira Oroimenerako binetak. Eta ikerketa horretatik sortu da erakusketa hau ere. Izen bereko liburua ere argitaratu dute, Soberonek berak berriro marraztu dituen 300 bineta baino gehiago biltzen dituena. Bildu dituzten bineten egileak izen hutsak direla diote ikerlariek, irudigile gehienen oroitzapena galdu egin delako. “Saiatu gara euren historia bilatzen, baina ez dugu ezer lortu, eta horregatik erakusketa hau eta argitaratu dugun liburua”, Uriartek azaldu legez. “Omenalditxo bat egin nahi diegu garaiko irudigile hauei, eta honek erakusten digu zein gutxi dakigun garai hartaz, eta memoria oraindik ez dagoela bukatuta. Ofizio oso bat badugu, ofizio intelektual bat, baina ez dakigu pertsona horiekin zer gertatu den”.
Bonbardaketak, nazioarteko egoera eta eguneroko bizimodua. Hiru ardatz horiek zehaztu dituzte komisarioek Gernika-Lumoko Bakearen museora ekarri duten lagina aukeratzeko. Jende arruntak bizi ian zuena erakusten dute irudiek. Bizkaiko eta Euskal Herriko hemeroteketan egin dute ikerketa lana, eta ohartu dira gerra sasoian asko izan zirela argitaratu ziren binetak, ideologia ezberdinetako komikigileek egindakoak. Horien bitartez jakin daiteke bertako jendeak garai hartan zer egin zuen sufritzen ari garen arazoei aurre egiteko. Hori dela eta, bildu dituzten irudiek izugarrizko balorea dute, komisarioen ustez. “Dokumentu historikoak” dira, eta Soberonek bildu dituzten denak berregin ditu, banan-banan.
Bonbardaketen konstantzia badago Bakearen Museoaren hormetan zintzilik dauden binetetan. Baina jakin daiteke, baita, bertoko irudigileek nazioarteko giroa nola ikusten zuten. Versailesko Itunak ez zituen herrialde guztiak asebete, eta Esku Ez-hartzeko Batzordea sortu zuten hainbat herrialdek, Alemaniak eta Italiak barne. Batzorde hori ere erabili izan zuten irudigileek beraien binetak egiteko. Ugalderen bineta bat da adierazgarria, Marx anaien umorearen tankerakoa. Bineta horretako testu ironikoak agerian uzten du batzordearen inkopetentzia eta Espainiako Gerrarekiko ardura eza.
Gerra garaiko binetek informazio asko ematen zutela diote erakusketaren komisarioek, eta Mussolini, Hitler eta Franco beti-beti karikaturizatuta agertzen zirela; “herritarrek jakin bazekiten nortzuk ziren bonbardaketak egiten zituztenak. Eztabaida gerra ostean sortu zen”.
Era berean, euskararen presentzia ere azpimarratu dute Soberonek eta Uriartek, eta euskarazko binetaren bat ere jaso dute laginean. Uriartek azaldu legez, 30 bat bineta inguru topatu dituzte. “Eguna egunkariaren presentzia sei hilabetekoa izan zen eta badaukagu horren adierazle bat. Euskara presente egon zan momentu hartan, eta hori azpimarratu egin behar da”.