Irene Loizatek eta Eneko Agirrezabalek irabazi dute Euskadiko Kros Txapelketa
Gernika-Lumon eta Arratzun lehiatu da gaur goizean txapelketa eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako atletarik onenak bildu dira. Gernika Atletismo Taldekoek txapelketaren balorazio "oso ona" egin dute. Arrakastatsua izan dela diote.
Nesken podiuma 12:15ean hasi dute lehia absolutu mailako mutilak, eta 36:03ko denbora eginez irabazi du Euskadiko Kros Txapelketa Txindoki Atletismo Taldeko Eneko Agirrezabalek. Bigarren egin du, berriz, Imanol Cruzek (36:21) eta hirugarren postua Gernika Atletismo Taldeko Imanol Goñi natxituarrarentzat izan da (36:52). Bizkaiko Kros Txapelketako txapela jantzi zuen natxituarrak orain dela bi aste.

Mutilen podiuma
Emakumezkoak beranduago abiatu dira irteera lerrotik; 13:10ean hasi dute lehia. Hasi eta 34 minutu eta 2 segundora iritsi da Bilbao Atletismo taldeko Irene Loizate helmugara. 20 segundo beranduago sartu da helmugara Goierri Garaia taldeko Ainhoa Sanz (34:22) eta hirugarren postuan sailkatu da, berriz, Atletico San Sebastian taldeko Elena Silvestre (35:06).
Txapelketaren lehiaz kanpo, gizonezkoetan, Hicham Oualla izan da seniorretan azkarrena: 35:12. Ahmed Moujane (35:37) sailkatu da bigarren eta Agirrezabal hirugarren. Emakumezkoetan, Loizate nagusitu da, baina, denbora berean helmugaratu da Majida Maayouf. Taldeki biak eskutik oratuta sartu dira helmugan.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako atletarik onenak bildu dira gaur Gernika-Lumon eta Arratzun lehiatu den Euskadiko Kros Txapelketan.
Zortzi lasterketa lehiatuko dituzte, lau kategoriatan banatuta: kadete, jubenil, junior eta absolutu mailetan.
Humberto Unzueta Gernika Atletismo Taldeko ordezkariak txapelketaren balorazio “oso ona” egin du: “Eguraldia lagun izan dugu eta horrek asko lagundu du. Jende asko bertaratu da Gernika-Lumo eta Arratzura, 4.ooo lagun inguru etorri dira; uste baino jende gehiago etorri da eta giro oso ona egon da. Alde horretatik, harrokeririk barik, atletismoaren festa izan dela esan ahalko genuke”.
Gernika Atletismo Taldeak egindako lana goraipatu gura izan du Unzuetak. Gogorarazi duenez, 10 hilabete inguru daramatzate lanean, eta gaur 80 boluntario egon dira lanean: “Horien guztien lanari esker txapelketak aurrera egin du eta primeran egin du, gainera”.
Bestalde, herriko saltoki, enpresa eta txapelketan lagundu duten horiei eskerrak eman gura izan dizkie: “Asko lagundu digute, dirutan ez bada generoan. Bakoitzak ahal izan duena jarri du, eta horregatik sentitzen dugu herriak gauzatu duela hau guztia. Arrakastatsua izan da parte hartu duten guztiei esker”.